Politika -
Rajoy-Urkullu bilera
Gobernuak kartzela-politika aldatuko ez duela esan dio Urkulluri
"Eusko Jaurlaritzak oso ondo daki gure jarrera zein den. Terrorismoaren kontrako gure politika ez da aldatu, eta ez da aldatuko, kartzela-politika bezala", azaldu du Gobernuko presidenteordeak.
Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak ostiral honetan azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak "oso ondo" daki kartzela-politika zein den, eta ez duela aldatuko nabarmendu du, duela gutxi Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy presidenteari proposatutako planaren harira.
"Eusko Jaurlaritzak oso ondo daki gure jarrera zein den. Terrorismoaren kontrako gure politika ez da aldatu, eta ez da aldatuko, kartzela-politika bezala", azaldu du Saenz de Santamariak, Ministroen Kontseiluan Urkulluk Rajoyri asteartean egindako proposamenari buruz galdetuta.
Bilera hori Moncloa Jauregian egin zuten, eta ez zuten horren berri eman, pribatua izan zelako. Geroago lehendakariak Rajoyri ETAko presoak era progresiboan kartzelatik ateratzeko plana proposatu ziola jakin zen.
Saenz de Santamariak errepikatu du ETAk bide bakarra duela, baldintzarik gabeko desegitea eta guztiz desagertzea.