Politika -
Biografia
Profila: Cristina Borboikoa, Justiziaren aurka talka egin zuen infanta
Felipe VI.a erregearen arreba gazteena ustelkeria auzi batean nahasita dago, Aizoon konpainian eta Noos Institutuan zituen negozioengatik.
Gaizka Palacios | eitb.com
Cristina Borboikoa eta Greziakoa Madrilen jaio zen 1965eko ekainaren 13an. Izen osoa hauxe du: Cristina Federica Victoria Antonia de la Santisima Trinidad de Borbon y Grecia. Espainiako infanta izateaz gain, Palmako dukesa ere bada, 1997tik.
Madrilgo Santa Maria del Camino ikastetxean egin zituen bigarren hezkuntzako ikasketak. Zientzia Politikoak ikasten hasi zen 1984an, eta bost urte geroago eskuratu zuen lizentziatura.
New Yorkeko Unibertsitatean Nazioarteko Harremanetarako masterra egin zuen, 1990ean, eta urtebete geroago praktikak egin zituen Unescok Parisen duen egoitzan.
Kirolzalea
Cristina infanta kirolzalea da. 1987. eta 1988. urteetan Espainiako Bela Txapelketan parte hartu zuen, Seulgo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko. Joko horietara joan zen, ordezko moduan, eta inaugurazio ekitaldian berak eraman zuen Espainiako bandera.
1992an Bartzelonara joan zen bizitzera, sei hilerako, Munduko Bela Txapelketa antolatzeko lanetan parte hartzeko. Alabaina, epe hori igarota, bertan geratzea erabaki zuen.
Bizilekua
2009an, Palmako duke-dukesek Bartzelonan bizitzeari utzi zioten, eta Washingtonera joan ziren, lan-arrazoiak tarteko. Iñaki Urdangarin Telefonicaren nazioarteko kontseilaria zen, eta AEBra bidali zuten. Ondorioz, Cristina infantak La Caixa Fundazioan zuen Gizarte arloko zuzendari kargua utzi zuen.
2012ko irailean, Espainiara bueltatu ziren, baina urtebete geroago Genevera (Suitza) joatea erabaki zuten, eta gaur egun bertan bizi dira.
Ezkontza
1997ko apirilaren hasieran zabaldu zen Cristina Iñaki Urdangarin Bartzelonako eskubaloi jokalariarekin ateratzen ari zela. Apirilaren 30ean baieztatu zuen Errege Etxeak berria. 1997ko urriaren 4an ezkondu ziren Bartzelonan. 1.500 gonbidatu baino gehiago izan ziren zeremonian.
Cristina infantak lau seme-alaba ditu, denak Bartzelonan jaiotakoak.
Ustelkeriari buruzko ikerketa
Hainbat zurrumurruren ostean, 2011 bukaeran, Iñaki Urdangarin eta haren zenbait bazkide ustelkeria kasu batean inputatu zituzten, Palma auziari lotuta. 2012ko otsailean, Jose Castro epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen.
Aizoon elkartearen jabearen ondokoa eta Noos Institutuan kide izan arren (bi erakundeak zeuden auzian nahasita), Cristina infanta ez inputatzea erabaki zuten, horretarako zantzurik ez zegoela argudiatuta. Estatuko Fiskaltzak ere iritzi bera agertu zuen.
Alabaina, 2013ko apirilean, Noos auziko epaileak jarrera aldatu eta infanta inputatzea erabaki zuen, ikerketaren baitan agertutako arrastoen ondotik.
Maiatzean, baina, Noos auzitik kanpo utzi zuen Palmako Lurralde Auzitegiak, etorkizunean ustezko delitu fiskalengatik edo dirua zuritzeagatik inputatuta izateko aukera behin betiko itxi gabe.
2014ko urtarrilaren 7an, instrukzio-epaileak Cristina infanta berriro inputatzea erabaki zuen, delitu fiskalak egitea eta dirua zuritzea leporatuta, baina senarraren negozioekin loturarik ez zuela deklaratu zuen epailearen aurrean.
Argudio horiek ez zuten epailea konbentzitu, eta, ekainaren 25ean kaleratutako autoan, Felipe VI.a erregearen arreba auzipetzea erabaki du.