Politika -
Madrilen
Lasa, Urkijo eta Arrese saritu dituzte, bakearen alde lan egiteagatik
Bakearen eta elkarbizitzaren alde egin dituzten ekimenak goraipatzen ditu sariak; biktimak ikasgeletara eraman izana, Glencreek esperientzia, eta biktima eta presoen arteko bilerak, besteak beste.
Erredakzioa
Bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiteagatik saritu ditu bart Madrilen Maixabel Lasa, Txema Urkijo eta Jaime Arrese Giza Eskubideen Aldeko Espainiako Elkarteak.
Sari horrekin, bakearen alde egindako lana aitortu diete, besteak beste, biktimen eta ETAko kide ohien arteko aurrez aurreko harremanak bultzatu izana.
Sarituek Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bulegoa kudeatu zuten aurreko agintaldi bietan, eta orduan egin zuten lana aitortu eta eskertu diete horrela.
Euskadin bakearen eta elkarbizitzaren alde egin dituzten ekimenak goraipatzen ditu sariak; biktimak ikasgeletara eraman izana, Glencreeko esperientzia, eta biktima eta presoen arteko bilerak egin izana, besteak beste.
Lan hori Euskaditik kanpo aitortzeak "aparteko garrantzia" du, Maixabel Lasaren hitzetan.
"Gertatutakoaz kontakizun bat baino gehiago posible badira ere, guztiek izan behar dute egia ardatz", nabarmendu zuen Lasak hiru sarituen izenean giza eskubideen aldeko saria jasotzean.