Politika -

Puerto I (Cadiz) kartzelan

Arkaitz Bellon euskal presoa hilik aurkitu dute espetxean

2003ko urrian atxilotu zuen Guardia Zibilak, kale-eraso batean parte hartzea egotzita. Maiatzean aske geratu behar zuen.

Arkaitz Bellon euskal presoa. Argazkia: Etxerat
Arkaitz Bellon
Arkaitz Bellon euskal presoa, hilik aurkitu dute Cadizen

0:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Bellon presoa hilda aurkitu dute astearte honetan, Puerto I (Cadiz) kartzelako bere ziegan, Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi duenez. Erakunde horren esanetan, "berez" hil da.

Bellon (36 urtekoa eta Elorrioko bizilaguna) 13 urteko espetxe-zigorra betetzen ari zen, 2000. urtean Donostiako Aste Nagusian izandako 'kale-borroka' ekintza bat leporatuta. Maiatzean zen espetxetik ateratzekoa.

Espetxe Zuzendaritzak ohar batean azaldu duenez, jatorduaren osteko deskantsuaren ondoren, ziegak irekitzean, funtzionarioek "ohean geldirik" aurkitu dute presoa. Bakarrik zegoen ziegan, lehen graduan zutelako. Iturri ofizialen hitzetan, espetxeko zerbitzu medikoek ez dute "indarkeria zantzurik" atzeman gorpuan.

Etxeratek "jipoiak" salatu ditu

Etxerat elkarteak autopsian konfiantzako mediku batek parte hartzea eskatu du, espetxe funtzionarioek Bellon hiru aldiz "jipoitu" zutela salatu baitzuten.

Ostegun honetan, Etxeratek agiri bat publikatuko du, eta hainbat eragile politikok, sozialek eta sindikalek agerraldia egingo dute Bilbon, mobilizazioak deitzeko. Eguerdian izango da, Abanto hotelean.

Hiru pertsona atxilotu dituzte Getxon, ez identifikatzeagatik

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu ostegun honetan, Arkaitz Bellon presoarekin zerikusia zuen pintada bat egitean identifikatu ez direnean. Hirurak aske geratu dira dagoeneko.

Atxilotuak Basagoiti Etorbidean Belloni buruzko pintada bat egiten ari ziren, eta Ertzaintzaren patruila batek identifikatzeko eskatu diete, Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea