Politika -

Armagabetzea

Aralar: 'ETAk armak entregatu eta erakunde zibil bihurtu behar du'

Arduragabe izatea egotzi dio Patxi Zabaletak Espainiako Gobernuari, ETAren armagabetzean parte hartzeari uko egiteagatik.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren iritziz, ETAk alde bakarreko armagabetzea egin beharko luke, eta, ondoren, erakunde zibil gisa azaldu bere burua.

Zabaletaren ustez, ETAren disoluzioak ez dauka zentzurik ETAko kide izatea egotzita presoak kartzelan dauden bitartean. Halaber, egindakoaren gainean "erantzunak eman behar ditu".

Erantzun horien artean biktimei barkamena eskatzea aipatu du Zabaletak. Horren esanetan, barkamenak ez du indibiduala izan behar, izan ere, "kasu askotan erasotzaileek erakundearen aginduak gauzatu besterik ez zuten egiten".

Forumek antolatutako ekitaldi batean parte hartu du goizean Patxi Zabaletak, eta Espainiako Gobernuak eta, zehazki, Mariano Rajoy presidenteak gai horretan duen jarrera hizpide izan du. "Arduragabe" izatea egotzi dio Patxi Zabaletak Espainiako Gobernuari, ETAren armagabetzean parte hartzeari uko egiteagatik.

"Ez da azkarra, baina, agian biktimen erakundeen inguruko indarren eraginez, eskuak lotuta ditu", gaineratu du.

Bakegintza premiazko eginbeharra da, Patxi Zabaletaren arabera. ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri zuenetik bi urte igaro dira, eta "erabakiak ez dauka atzera bueltarik, nahiz eta zenbaitek errealitate hori ez onartu".

Horren ustez, aurrera begira eman beharreko pausoak armagabetzea eta ETA erakunde zibil bihurtzea, eta kartzela politika aldatzea eta adiskidetzea dira.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kartzela politikaren eskumena eskatu behar diote, Zabaletaren arabera. Izan ere, modu horretan "gizarteratzea bermatzea eta sakabanaketa saihestea lor daiteke".

Adiskidetzeaz galdetuta, Euskal Herrian hausturarik ez dagoela azaldu du, eta elkarbizitza gauzatzeko memoria eta biktima guztien erreparazioa ezinbestekoak direla gaineratu du.

Bestalde, bakegintza eta aldarrikapen politikoak ez nahasteko eskatu du, eta estatutuak aldatzea aldarrikatu du erabakitzeko eskubidea gehitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aralar