Politika -
Bakegintza
Urkulluk 'ezer gertatu ez balitz bezala' ari direnak kritikatu ditu
Bestalde, Urkulluk ez du argitu Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bildu den edo gaur bertan batzartuko den harekin.
Erredakzioa
ETAk indarkeria uzten zuela iragarri zuenetik bi urte baino gehiago igaro direnean, "ezer aldatu izan ez balitz bezala" ari diren "sektoreak" kritikatu ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Madrilen. Horrez gain, espetxe politikaren inguruko "eztabaida zaratatsuak" ere gaitzetsi ditu.
"Azken bi urteetan ezer aldatu izan ez balitz bezala ari diren sektoreak ezin ditut ulertu. Immobilismoak ez du ezertan laguntzen", esan du Forum Europak Madrilen antolatutako gosari informatiboan. Horren harian, espetxe politikaren inguruan "eztabaida zaratatsuak" egiten jarraitzea ere kritikatu du, eta "zentzuzkoena" elkarrizketari heltzea eta "akordiorik zabalenak" adostea izango litzatekeela gaineratu du.
"Gero eta gertuago gaude terrorismoaren amaiera lortzeko, baketik gero eta gertuago daude. Hartzekodunak eta zordunak nortzuk diren ondo dakit, baina bakeaz eta normalizazioaz ari gara", berretsi du.
Urkulluren hitzetan, bakea lortzeko "pauso finkoak" nahitaezkoak dira, "erantzukizunez erantzun behar diogulako aukera historiko honi". "Ez dut uste nahikoa egiten ari direnik", gaineratu du.
Horrekin batera, Euskadi "errealitate nazionaltzat" hartzea ere eskatu du.
Bilera Rajoyrekin
Bestalde, Urkulluk ez du argitu Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin bildu den edo gaur bertan batzartuko den. "Izan bada edo izango bada, zuhurtziaz egingo dugu bilera, alde batek hala eskatuta".
Ekonomiari buruz, etorkizunari begira "positiboa" dela adierazi du Urkulluk, nahiz eta oraindik aurretik "bide luzea izan".