Politika -

Kongresua

EAEko PPk autogobernua eta euskal nortasuna defendatuko ditu

Euskadiko PPk kongresua egingo du Donostian martxoaren 7tik 9ra. "Politika erdirakoia eta moderazioa" izango dituzte hizpide, eta EAJren aurrean alternatiba bezala aurkeztuko dira.

Iñaki Oyarzabal. Argazkia: EFE
Iñaki Oyarzabal. Argazkia: EFE
Iñaki Oyarzabal. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Alderdi Popularrak autogobernua eta euskal nortasuna defendatuko ditu "hausturarik eta noraez independentistarik planteatu gabe". Martxoaren 7tik 9ra XIV. Ezohiko Kongresua egingo dute Donostian: "Politika erdirakoia eta moderazioa" izango dituzte hizpide, eta EAJren aurrean alternatiba bezala aurkeztuko dira.

Euskadiko Alderdi Popularra "indartuta" atera omen da Valladolideko PPren batzarretik (ehun bat euskal ordezkarik "alderdiaren beroa eta babesa" jaso zuten, Arantza Quiroga presidenteak bereziki) eta "pilak berriztatuta, ilusio eta gogo askorekin" itzuli omen dira bertatik.

Iñaki Oyarzabal idazkari nagusiak esan duenez, aurreko asteburuan izan den biltzarrean "PP ireki bat dagoela berretsi dute, guztiok sartzen garen mezu zuhur batekin. Inor ez dago soberan, baina profil erdirakoi-erreformista eta liberala berrindartu du. Hori ere Euskadiko PPn partekatzen dugu".

Euskadin "ezinbesteko" papera izango dutela uste dute, eta, horregatik, "eskuin-erdiko espazio handiaren erreferentzia" izan nahi dute, "EAJren aurrean hautabide gisa duen posizioa" indartuz.

Iñaki Oyarzabalen esanetan, bere alderdia jeltzaleen proiektuaren "aurrez aurre jarri" nahi da, EAJrekin dituzten "ezberdintasunetan" azentua jarriz.

Kongresua

Euskadiko popularrek egingo duten kongresuaren garrantzia goraipatu du Oyarzabalek. Arantza Quiroga presidente gisa berretsiko dute, eta datorren urteetako estrategia lerroak marratuko dituzte.

Aste honetan zehar, EAEko PPko 5.000 militanteak konpromisario gisa izena emateko behar duten informazioa jasotzen ari dira, guztiek "ahotsa izateko". Otsailaren 21era arte izango dute izena emateko epea zabalik.

Presidente izateko hautagai izan nahi duenak otsailaren 11ra arte eman dezake izena. 90 afiliaturen bermea beharko du, eta behin kongresuan, konpromisarioen botoen % 20 baino gehiago jaso beharko ditu.

Alderdiak presidente izateko aurkeztuko duen hautagaiak, bere aldetik, batzorde betearazlea osatuko duten hautagaien zerrenda aurkeztuko du. Arantza Quiroga soilik aurkeztuko omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea