Politika -
2014an egiteko
CiUk, ICVk eta ERCk galdeketaren proposamena erregistratu dute
2014. urtea bukatu baino lehen egitea eskatu dute, beste hauteskunde batzuk egiten ez diren egun batean.
Erredakzioa
Kongresuan ordezkaritza duten eta galdeketaren alde dauden hiru alderdi kataluniarrek (CiU, ICV eta ERC) bi lege proposamen aurkeztu dituzte gaur, astelehena, Kongresuan, Generalitateak galdeketaren deialdia egiteko eskumena izatea eskatzeko.
Proposamenok testu bera eta artikulu bakarra dute, eta galdeketa 2014. urtea bukatu baino lehen egiteko eskatzen dute, eta beste hauteskunde batzuk egiten ez diren eta "sinbologia politiko handia ez duen" egun batean.
Proposamenak aurkezteko arrazoien artean, Kongresuan "ahalik eta arinen" eztabaidatzea eskatzen dute alderdiek, eta "Konstituzioaren eta legearen araberako" bide bat bultzatzeko eskatu dute, Kataluniako "hiritar gehienek eskatzen duten" galdeketa egiteko.
"Erreferenduma egiteko prozesua eta bermeak erreferendumak eta hauteskundeak egiteko prozesua zehazten duen legediak azaltzen ditu, eta, bidezkoa bada, erreferenduma deitzen duen Kataluniako Gobernuaren dekretuak", testuaren arabera.