Politika -
Ez dute berria sortuko
Coviteko kritikoek beste biktima talde batekin bat egingo dute
80 kritikok baja aurkeztuko dute Coviteko zuzendaritzaren aurrean, iragan larunbateko biltzarrean jakinarazitakoa betez.
Erredakzioa
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kritikoek ez dute elkarte berri bat sortuko, baina dagoeneko lanean ari den biktima talde batekin bat egingo dute. Kritikoek ez dute oraindik elkarte horren izena jakitera eman.
Jorge Mota kritikoen bozeramaileak ETBri esandakoaren arabera, gaur bertan 80 kritikok baja aurkeztuko dute Coviteko zuzendaritzaren aurrean, iragan larunbateko biltzarrean jakinarazitakoa betez. Izan ere, 200 bazkidek Covite utziko dutela iragarri zuten larunbatean, urteroko biltzarrean, zuzendaritzaren estrategiarekin ados ez daudela argudiatuz. Bilera erdian altxatu eta erakundea utziko zutela esan zuten orduan kritikoek. Jorge Motak taldea utziko dutenen izenean nabarmendu zuenez, elkartetik aterako diren bazkideak terrorismoaren biktimak dira; baina iaz Coviteko zuzendaritzak onartu zituen zenbait bazkidek ez dituzte baldintzak betetzen. Horren iritzian, mehatxuak jasan dituztenak ez dira beste biktimen parekoak, eta, beraz, ez lukete elkarteko partaide izan behar.
Covitetik erabat bereizteko erabakia hartu dute, ondorioz, "biktimei inolako mesederik egiten ez dien liskar giroa ez hausportzeko eta egungo koordinatzaile taldearen erantzukizuna ez oztopatzeko".
Gaur 80 pertsonak baja aurkeztuko dute, eta datozen egunetan gainerakoek gauza bera egingo dute.