Politika -
Biktimei omenaldia
PPko kargudunek ETAren aurka azaldutako 'kemena' goraipatu du Quirogak
Consuelo Ordoñez ez da Donostiako Kursaalean izan, eta horrek PPren ekitaldia markatu du. Euskadiko PPren buruzagiak eta Espainiako Gobernua kritikatu ditu Ordoñezek arratsaldean.
Erredakzioa
ETAren aurkako borrokan PPko kargudunek azaldutako "kemena" eta "konpromisoa" aldarrikatu ditu gaur Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularraren presidenteak. "Inork ezin digu eskolarik eman", adierazi du.
ETAk hildako PPko kargudun guztiak omentzeko ekitaldia egin du gaur Alderdi Popularrak Donostiako Kursaalean, eta Quirogak ekitaldia itxi du. Quirogak Gregorio Ordoñezen senitartekoen kexak entzun behar izan ditu arratsalde berean.
Gipuzkoako PPren presidente ohia duela 19 urte hil zuen ETAk Donostiako La Cepa tabernan. Euskadiko PPk gaurko data aukeratu du hildakoak omentzeko, baina Gregorio Ordoñezen arrebak Alderdi Popularraren lana eta Gobernuaren terrorismoaren aurkako politika kritikatzeko aprobetxatu du beste ekitaldi batean.
"Bakarrik interes politikoak eta doilorkeriak gidatuta zuek bezalako gizon-emakumeen ibilbidea zalantzan jar daiteke", esan die, minduta, Arantza Quirogak Kursaalean bildutako PPko kargudunei.
PPk Donostiako Kursaalean egindako ekitaldia. Argazkia: EFE
"Honaino iritsi baldin bagara, besteak beste, hemen gauden guztien eta Euskadiko Alderdi Popularraren kemenari esker izan da, ezin digu inork ukatu", goraipatu du, "gu egon garelako hemen, aurpegia ematen".
"Gizalegezko adorea gutxi batzuk zikintzen ari dira, hemen eta han, batere errespeturik eta sentsibilitaterik gabe", deitoratu du Quirogak. "Euskadiko Alderdi Popularreko kide izatea urguilu" bat dela errepikatu du Quirogak, "duintasun ikaragarriko eta tatxarik gabeko gizon-emakumeak zaretelako".
Alfredo Marco Tocar buruzagi historikoak UCDko biktimak gogorarazi ditu. Bestalde, Antonio Merinok APko garaiak gogorarazi ditu. Maria Jose Usandizagak, Pilar Eliasek eta Maria del Mar Blancok ere hitza hartu dute.
ETA "azukre-koskor bat bezala desegingo da"
Euskadiko PP aldarrikatzeaz gain, ETA "azukre-koskor bat bezala desegingo" dela esan du Quirogak, "trukean ezer eman gabe".
"Armarik gabe, baina armen aurkako bataila gogorra izan da gurea. Armak oraindik hortik daude, nonbaiten ezkutatuta, eta lehenago edo beranduago azalduko dira. ETAren eromena desegiteko agertuko dira", adierazi du.
"Norbaitek proiektu politikoren batekin ETAren behin betiko desagerpena baldintzatzeko tentazioa baldin badu, bere zinismoak ondorioak izango dituela kontuan izan beharko du, ETAk hildako ia 1.000 biktimen memoria saltzea ezmorala delako", azaldu du Quirogak.