Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Pagazaurtundua: 'Indarkeriak ez duela zentzurik izan esan behar dute'
Coviteko presidenteordeak esan du ezker abertzaleak oraindik "gauza asko" dituela egiteko, iraganean "gauza gaizto asko egin dituelako".
IKER GOMEZ / EITB.COM
Maite Pagazaurtundua Covite elkarteko presidenteordearen arabera, ezker abertzaleak oraindik pauso asko eman behar ditu, tartean "indarkeriak zentzurik ez du izan" esan. Pagazaurtunduaren ustez, "purifikazio osoa" emango liokete horrela, bai gizarteari eta baita ezker abertzalearen militanteei eurei ere.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Coviteko ordezkariak adierazi du ezker abertzaleak oraindik gauza "asko" egin behar dituela, iraganean "gauza gaizto asko egin dituelako". Horren hitzetan, oraindik ere "kanpaina eta manipulazioan bizi gara", eta gauzak "ez dira argi esaten".
"Ehunka edo milaka pertsona batzuek terrorismoa egin zuten, baina milaka batzuek, lidergo politiko bati jarraituz, ETAri erailketa horiek egin zitzala eskatu zioten", adierazi du.
Horren harian, indarkeriaren azpian dagoen "gaixotasuna" erantzukizun politikoa dela azpimarratu du Coviteko ordezkariak, eta, erantzukizun hori garbitzeko, "kondena" egin dezan eskatu dio ezker abertzaleari.
Presoei dagokienez, ETAren mundutik "askatu" egin behar dutela nabarmendu du Pagazaurtunduak, eta Espainiako espetxe politikak "onurak" aurreikusten dituela gogoratu du. "Aukera hori izan dute beti, batzuek bide hori hartu dute eta beste batzuek ez, ETAk ez dielako utzi".
EPPK-k egindako azken ekarpenaren inguruan, zentzu "baikor" batean ezin duela oraindik ulertu esan du Pagazaurtunduak. "Semantika toxikoa erabiltzen jarraitzen dute, gatazka armatuaren semantika, eta hori ez da horrela", esan du. "Hitzak modu zuzenean erabiltzen ez direnean, oso zaila da positiboki ulertzea, gauzak ez dira behar den moduan definitzen".
Gregorio Ordoñez
Bestalde, Gregorio Ordoñezen omenez egingo dituzten ekitaldien harira eta familiaren eta EAEko PPren arteko polemikari buruz galdetuta, Pagazaurtunduak "trebezia eta sentsibilitate" falta egotzi dio PPri. "Ekitaldi politiko bat antolatzen denean, eta hilketa baten urteurrenaren egun berean jartzen denean, sentsibilitate berezi bat behar da, eta familiarekin kontaktuan jarri behar dira", adierazi du.
Pagazaurtunduak onartu du 'Parot doktrina'ren ondorioz gertatutakoak ez direla "oso ondo" ulertu biktimen elkarteen artean, eta, "beharbada", biktima batzuk "haserre" egongo direla esan du.
Vox eskuineko alderdi politikoari buruz, Jose Antonio Ortega Lara eta Velasco "pertsona zoragarriak" direla azpimarratu du, eta, horrenbestez, "baten batek" alderdi berri hori zergatik sortu duten "bere buruari galdetu beharko lioke", nabarmendu du.
Jaurlaritzak Sorturi egindako bake proposamenaren inguruan, Coviteko presidenteordeak esan du euskal gizartean "gardentasuna" ezinbestekoa dela, "herritarrak tontoak ez garelako". "Gauzak beste era batera deitzen ari dira, propaganda kanpaina itzelak egiten dira eta hitzak ez dira ondo erabiltzen", esan du.
Horren harian esan duenez, indarkeriaren "funtsezko iturria" ez da indarkeria bera, helburu politikoak lortzeko erabili zitekeela ulertzea baizik. "Hori gaizki dagoela pentsatzen ez bada, beste batzuk hasi daiteke horretan berriro", adierazi du.
Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiarekin duen harreman pertsonala "ona" dela adierazi du, baina "ikuspuntu oso-oso ezberdinak" dituztela adierazi du.