Politika -

Kontrolerako saioa

Abortuaren legeak puntu 'eztabaidagarriak' dituela onartu du Rajoyk

Presidentearen arabera, erreformaren helburua ez da zenbait pertsonen edo taldeen printzipioei jarraitzea, "guztien eskubideak errespetatzea" baizik.

Mariano Rajoy, Kongresuan egindako agerraldian. Efe.
Mariano Rajoy, Kongresuan egindako agerraldian. Efe.
Mariano Rajoy, Kongresuan egindako agerraldian. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abortuaren legearen erreformak puntu "eztabaidagarriak" dituela onartu eta puntu horiek tramitazioan eztabaidatu egingo direla iragarri du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Abortuaren gaia "sentsibilitate handikoa" dela azpimarratu du gobernuburuak.

Aurten Gobernuari egindako kontrolerako lehen saioan, Rajoyk Olaia Fernandez Davila BNGko diputatuaren galderari erantzun dio. Aurreproiektuak gizartean eragindako ezinegona ikusita, erreforma atzera botatzeko asmorik duen ala ez Fernandez Davilak.

Proiektua Gorteetan oraindik ez dagoela azpimarratu du presidenteak, eta, ondorioz, "ez da erraza atzera botatzea", eta, tramitazioari jarraituta, kontsulta fasean dagoela.

Rajoyk azaldu duenez, legearen erreforma PPren hauteskunde programan dagoela; eta PSOEk, aldiz, egun indarrean dagoen legea "Auzitegi Konstituzionalaren doktrina alde batera utzita eta aldebakarreko jarrera hartuta" onartu zuela.

Horrez gain, Rajoyk esan du erreformaren helburua ez dela zenbait pertsonen edo taldeen printzipioei jarraitzea, "guztien eskubideak errespetatzea" eta gizartearen gehiengoarentzat aproposa izatea dela baizik.

Gallardon eta Saenz de Santamaria

Rajoy presidentea ez da abortuaren legeaz azalpenak eman behar izan dituen bakarra. Alderdi sozialistak Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroari eta Soraya Saenz de Santamariari ere galderak zuzendu dizkio.

Gallardonek ukatu egin du abortuaren legearen erreformak "herritarren eskubideak eta askatasunak" murrizten dituela eta PSOEri "indibidualismo sutsua"ren alde egitea leporatu dio: "eskubideak mugarik ez edukitzea nahi dute, jaio ez dena alde batera utzita".

Saenz de Santamariak, bestalde, "dogmatismoa txarra dela" esan die sozialistei, batez ere "gizartean sentsibilitate handia duten gaietan", eta PSOEren iritziarekin ados ez daudenei irain egitea aurpegiratu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Albisteak gaur