Politika -
Bakegintza
ETAren aurrean planto egin dutenak kartzelatzea kritikatu du Uriartek
Donostiako gotzain emerituaren iritziz, "premiazkoa" da adiskidetzearen gaiari heltzea, baina oraindik lan asko dago egiteko.
Erredakzioa
ETAri "planto egiteko" ezker abertzalearen baitan lan egin duten pertsonak kartzelatzea gaitzetsi du Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak. Halaber, adiskidetzearen gaiari lehenbailehen heltzea premiazkoa dela iritzi dio, eta "aurretik egia jakitea, justizia egitea eta elkarrizketa egotea" beharrezkoa dela gaineratu du.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, "ezker abertzalearen baitan ETAri planto egiteko eta haren obedientziatik ateratzeko lan gehien egin duten pertsonak" kartzelatzearen kontra agertu da. "Eta horri buruzko ezagutza badaukat", gaineratu du.
Uriartek azaldu duenez, "kartzelan daudenak dira, hain justu, argitasunez beren jarrera erakutsi dutenak". "Protestak egiten dituztenek baino pazientzia gehiago dute eta ikuspuntu sendoagoa dute ETAk eta ezker abertzaleak eman behar dituzten aldebakarreko pausoen gainean", nabarmendu du.
Adiskidetzea
Oraindik beldurra ematen du Euskal Herrian adiskidetzeaz hitz egitea, Uriarteren arabera. Europako beste lurralde batzuetan, berriz, argitasunez hitz egiten dute gai horietaz.
Horren esanetan, "premiazkoa" da adiskidetzearen gaiari heltzea, baina oraindik lan asko dago egiteko. "Egia eta justizia lortu gabe eta elkarrizketari muzin eginda adiskidetzea lor daitekeela uste dutenak inozoak edo interesatuak dira", gaineratu du.
Biktimak
Biktimak ere hizpide izan ditu Donostiako gotzain emerituak: "Biktima guztiek denbora behar dute sufrimendutik mina izatera pasatzeko; beti izango dute mina, baina jasangarria".
Horren ustez, gatazkak edo bidegabekeriak gertatu diren toki gehienetan "biktimek hartu dute ekimena eta ez erasotzaileek".