Politika -

Kataluniako Parlamentua

Diziplina hautsi zuten PSCko diputatu kritikoek ez dute akta utzi nahi

Igandera arte dute horretarako epea. Rajoyren hitzetan ezinezkoa da Generalitatearen hitz egitea, eta Kongresuak jaso du jada Kataluniako Parlamentuak onartutako lege proposamena.

PSCko parlamentariek ez dute diputatu-agiria itzuliko

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSCko diputatu kritikoek, Marina Geli, Joan Ignasi Elena eta Nuria Venturak, euren diputatu aktak ez dituztela utziko berretsi dute. Diotenez, euren jarrera ez da "isolatutako hiru diputaturena" eta konponbideak "sakoneko eztabaida" izan behar du.

Joan Ignasi Elena Rac1, Catalunya Ràdio eta TV3n izan da gaur eta bertan adierazi duenez, "hiruron borondatea diputatu sozialistak izaten jarraitzea da".

"Kontua ez da hiru diputatuk beren kabuz gauza ezberdina egitea erabaki dutela, exekutiban ere izan dira dimisioak eta jende asko gauza ezberdinak bozkatzen ari da", gogoratu du Elenak.

"Ez dut uste alderditik botako gaituztenik. PSC berria sortu zenean, eredu eta kultura politikoa berriari buruz hitz eginez sortu zen, eta ezin daiteke kanporatzerik izan. Ez dator PSCren gehiengoaren borondatearekin bat", amaitu du.

Aktak uzteko eskatu du PSCk

Bien bitartean, gaur berriz ere, hiru diputatuek euren aktak uzteko eskatu du PSCk.

Maurici Lucenak Kataluniako Parlamentuan PSCk duen bozeramaileak Catalunya Ràdion ziurtzat jo du diputatuek euren aktak emango dituztela. "Ni egoera horretan egongo banintza, eskatu gabe utziko nuke nire eserlekua", nabarmendu du.

Erabakia hartzeko igandera bitarteko epea dutela gogoratu du Lucenak. Aktak itzuli ezean gertatuko litzatekeenaren inguruan ez du hitz egin nahi izan.

Bestalde, Ernest Maragall  kontseilari ohiak eta Nova Esquerra Catalana alderdiko buruzagiak "babesa" agertu die hiru diputatuei eta "ezkertiar aurrerakoiak bilduko dituen indarra" sortzea proposatu du.

Aldebakarreko erabakiak

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak adierazi duenez, "Artur Masek exekutiboak aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitzen duen bitartean, ezinezko izango da beraiekin hitz egitea".

"Hau da nik ikusten dudana: aldebakarreko erabakiak hartzen diren etengabeko prozesua. Horrela ezinezkoa da hitz egitea", baieztatu du Rajoyk. Espainiako presidenteak Durao Barroso Eruopako Batzordeko presidentearekin batera bilera egin du Monkloan, eta ondorengo prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak.

Kataluniarekiko duen jarrerak bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du Rajoyk. "Espainiak du subiranotasuna eta Espainiak soilik izan dezake", defendatu du.

Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Soraya Saenz de Santamariak Kataluniako galdeketa "Konstituzioaren aurkakoa" dela adierazi du. "Ezin da egin", gaineratu du. Espainiako Gobernuak Magna Carta "irmoki" defendatuko duela baieztatu du.

Proposamena Kongresura heldu da

Kataluniako Parlamentuak atzo onartu zuen lege proposamena gaur goizeko hamarretan heldu de Madrilgo Diputatuen Kongresura.

Testuaren bi kopia bidali dituzte Kongresura. Erregistroa egiteko bidali dute kopietako bat eta bigarrena, Jesus Posada Ganbera Baxuko presidenteari igorri diote. Dokumentu horrekin batera lege proposamenari Kataluniako Parlamentuko presidenteak idatzitako eskutitza ere igorri diote Jesus Posadari.

Proposamenaren erregistroa egin ondoren, Kongresuko Mahaiari dagokio horren kalifikazioa egitea. Urtarrilaren 21ean egingo du hurrengo bilera Kongresuko Mahaiak, baina urtarrila baliogaberik ez duenez, otsaileko lehen astera luza liteke testuaren izapidetzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea