Politika -
Bozketa Parlamenten
PSCren kritikoak: 'Ez dugu batasuna apurtu, aniztasuna defendatu dugu'
Alderdiaren zuzendaritzak diputatu akta uzteko eskatu die, igandea baino lehen. Diputatu kritikoek, ordea, ez dute euren eserlekuak uzteko asmorik.
Erredakzioa
PSCko diputatu kritikoek, alegia Kataluniako Parlamentuko gaurko bozketan alderdiaren diziplina hautsita "bai" bozkatu dutenek, argudiatu dutenez, baiezko botoa emateko erabakia "alderdiaren aniztasuna defendatzean" oinarritu da. Marina Geli Vilanova i la Geltruko (Bartzelona) alkate ohiak, Joan Ignasi Elenak eta Nuria Ventura diputatuak prentsaurrekoa eskaini dute bozketa amaitutakoan. Euren eserlekuak ez dituztela utziko gaineratu dute.
"Alderdiaren zuzendaritzarekin gauza asko ditut komunean, baina uste osoagatik, koherentziagatik eta ordezkaritzagatik hartu dugu erabaki hau. Ez dugu alderdiaren batasuna hautsi, haren aniztasuna defendatu dugu. Herri katalanari, sozialismoari eta PSCren aniztasunari zor dion fideltasunagatik", esan du Gelik agerraldian.
Diputatuak gaineratu du inork ez diela eskatu diputatu akta uztea. “Gure eserlekua uzteko asmorik ez dugu, PSCren eta haren parlamentuko taldearen zati izaten jarraitu behar dugula uste baitugu. Talde-porrota izan dela esan daiteke, eta triste nago”, esan du.
“Disziplina hautsi dugu eta badakigu. Kontseiluaren mandatu bat zegoen, eta nik, beste hainbat alkatek eta zinegotzik bezala, ez nuen modu horretan interpretatzen”, azpimarratu du.
Joan Ignasi Elenaren aburuz, “hau ez da gaiztoen eta zintzoen istorioa”. “Diputatu guztiek Kataluniarentzat onena egiten zutenaren ustearekin bozkatu dute”, esan du.
“Erabakitzeko eskubidea defendatuz aurkeztu zen PSC hauteskundeetara eta injustua zen bozketa honen ondoren eskubide horren aurkako alderdi bezala agertzea”, gaineratu du. PSCren “dibertsitatea” defendatu du.
Nuria Ventura Tarragonako Ulldecona udalerriko alkate ohiak adierazi duenez, “erabakia hauteskunde programarekin koherentziarengatik hartu dut. Triste agertu da, “sozialista guztiak gure aldera eramateko gai izan ez baikara”.
Horrez gain, Kataluniako alderdi sozialistaren bi buruzagik, Rocio Martinez-Sampere diputatuak eta Laia Bonet Bartzelonako primarietarako hautagaiak, PSCren zuzendaritza utzi dutela iragarri dute. Martinez-Semperek "ez" bozkatu eta alderdiaren boto diziplina errespetatu du, baina dimisioa iragarrita. Boneten ukoa handik gutxira iragarri du. Azaldu duenez, gainera, ez du "bai" bozkatu duten hiru diputatuen eserlekua beteko.
Diputatu akta itzultzeko eskatu die PSCk
PSCko zuzendaritzak alderdiaren disziplina hautsi duten hiru diputatuei diputatu akta itzultzeko eskatu die, Maurici Lucena Parlamentean PSCk duen bozeramaileak jakitera eman duenez. “Marina Geli, Joan Ignasi Elena eta Nuria Venturak igandea bitarteko epea dute euren diputatu aktak itzultzeko”, gaineratu du.
PSCk hiru diputatuak alderditik botatzeko asmoa duen galdegin die kazetariek Lucenari. Haren hitzetan, “alderdiak begietsi duen eszenatoki bakarra hiru diputatuek euren akta itzultzea da”. Gaineratu duenez, gaur bertan hiru diputatuekin bazkalduko du, eta “zentzu komuneko” eskaera hori helaraziko die.
Babesa agertzeko manifestua
Bestalde, PSCko sektore katalanistak manifestua kaleratu du alderdiko hiru diputatu kritikoei, eta “hauteskundeetan hartutako konpromisoaren aurka bozkatzeari uko” egin dietenei babesa eskaintzeko. “Erreferendumerako deialdi sozialista” egin dute oharrean.
122 sozialistek sinatu dute “Erreferendumerako deialdi sozialista” izenburua duen eta hiru diputatuei babesa eskaini dien manifestua.
Sinatzaileen arabera, “hitzarmen konstituzionalaren akidurak ezinbestekotzat jotzen du Espainiaren eta Estatuaren arteko harremanak berrikustea”. “Independentzia aukera bat izan daiteke, baina ez du derrigorrean bakarra izan behar”, zehaztu dute. “Kataluniako herriak bere nahia modu batean edo bestean adierazi ahal izatearen aurka egotea demokraziaren aurkako jarrera onartezina da”, azpimarratu dute manifestuan.