Politika -
Larunbateko martxa
Ezker abertzaleak 'harrapatzen uztea' egotzi dio Gallardonek EAJri
EAJk martxa deitu izana "akats politikoa" dela adierazi du Justizia ministroak.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroaren esanetan, larunbateko manifestazioaren alderik "mingarriena" ezker abertzaleak EAJ "harrapatu" eta jeltzaleak abertzaleekin batera "kalera atera izana" da.
Cope irrati katean egindako elkarrizketa batean, Gallardonek "akats politiko"tzat jo du EAJ martxaren deitzaileetako bat izatea.
"Denok dakigu zer diren ezker abertzalea eta ETA, eta jarrera irmoa izan behar dugu, ETA deseginda egon beharko lukeen erakunde kriminala delako", nabarmendu du.
Ministroaren ustez, EAJren erabakia "atzerapausoa" da, "euskal herritar asko etsita" utzi dituelako. Horrenbestez, hausnarketa egin eta atzera egitea eskatu die jeltzaleei.
Kataluniako prozesu independentistari dagokionez, kontsulta ez dela gauzatuko eta nazionalistek ez dutela ezer lortuko ohartarazi du. Horren ildotik, Espainiako Gobernuak ez duela Konstituzioaren aurkako ekitaldirik baimenduko aurreratu du. "Eta Masek jakin badaki kontsulta deitzeko dekretua sinatzen badu, hurrengo minutuan helegitea jarriko dugula Auzitegi Konstituzionalean", gaineratu du.