Politika -
Bilboko manifestazioa
PSE kexu da Tejeria manifestaziora joan zelako, eta gutuna bidali dio
Eusko Legebiltzarrak erantzun du bake prozesuaren "bidea berresteko" joan zela, "giza eskubideak, konponbidea eta bakea" baitira, Legebiltzarreko iturrien esanetan, prozesuaren oinarriak.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor Euskal Sozialistak Taldeko bozeramaileak gutuna bidali dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari, larunbatean Bilboko manifestazioan egon izana kritikatzeko eta sozialisten "haserrea" helarazteko.
Eusko Jaurlaritzak ez zuela parte hartu azpimarratu ostean, Legebiltzarreko presidenteak "desberdinen arteko adostasun sozial eta politikoa duten manifestazioetara bakarrik joan behar du", gaineratu du.
Gutun horretan, Pastorrek "haserre handia" helarazi dio Tejeriari manifestazioan parte hartu zuelako. "Orain Legebiltzarreko ordezkari gorena da beti eta leku guztietan; horregatik, ezin du argudiatu 'bere izenean' joan zela. Izan ere, hedabide guztiek jaso dute bera han izan zela, eta hori Legebiltzarreko presidentea delako da", Pastorrek azaldu duenez.
Eusko Jaurlaritzak "ez joatea erabaki izana" azpimarratu ondoren, horrek "ulertezin" egingo zuen, Pastorren iritzian, "sailbururen bat 'bere izenean' joan izana". "Legebiltzar honen adierazpen instituzionalek adostasunak bilatzeko esfortzua eskatzen du", gaineratu du Legebiltzarreko sozialisten bozeramaileak.
Eusko Legebiltzarraren erantzuna
Eusko Legebiltzarrak berehala erantzun dio gutunari, eta bake prozesuaren "bidea berresteko" joan zela azpimarratu du, "giza eskubideak, konponbidea eta bakea" (manifestazioaren leloa) baitira, Legebiltzarreko iturrien esanetan, prozesuaren oinarriak.
"Gure ardura da martxan dagoen bake prozesuari bultzada ematea, eta Legebiltzarrak egiteko garrantzitsua du aipatu prozesua egonkortzeko", gaineratu du.