Politika -
Manifestazioa Bilbon
Sorturen bidetik jarraituko duen argitzeko eskatu dio PSEk Urkulluri
Idoia Mendia bozeramailearen aburuz, beste alderdiekin lortutako "akordioak hautsi" eta elkarbizitza Sorturen bidetik eraiki nahi al duen argitu behar du Urkulluk.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EE alderdiko bozeramailearen ustez, EAJ Sorturi "txaloak jotzera" joan zen Bilbon egindako manifestaziora, eta Urkullu lehendakariari ezker abertzaleak eskatutako batasun nazionalistari erantzuna emateko prest al dagoen argitzeko eskatu dio.
Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan, euskal sozialisten bozeramaileak esan du atzoko martxa ez zela "bakearen, giza eskubideen eta konponbidearen" aldekoa izan. Mendiaren aburuz, urtarrilero egiten den "manifestazio berdina" izan zen, "amnistia eskatu eta ETAko presoei babesa emateko". "Aldaketa" bakarra, PSEren ustez, "EAJk manifestazioarekin bat egin izana" da. Jeltzaleak Sorturi "txaloak jotzera" joan zirela azpimarratu du Mendiak.
Sortuk EAJri eskatutako "batasuna" dela eta, PSE-EE alderdiko bozeramaileak uste du beste alderdiekin lortutako "akordioak hautsi" eta "elkarbizitza ezker abertzalearen bidetik eraiki nahi al duen" argitu behar duela Urkulluk.
"EAJk Sorturi ETAren desagerpena eskatzeko, ETAren indarkeriak sekula ez duela lekurik izan aitortzeko eta presoei birgizarteratzen laguntzeko eskatu beharrean, ezker abertzaleari laguntza eman diote jeltzaleek", adierazi du Mendiak.
Mariano Rajoyren Gobernuaren edota Justiziaren erabaki batzuk ez direla "guztiz zuzenak" izan aitortu du, baina "hortik ezker abertzaleari babes politikoa ematera, aldea dago".