Politika -
Hauteskunde europarrak
Izaskun Bilbao izango da EAJren hautagaia Europako hauteskundeetan
Bilbao 2009ko hauteskundeetan ere zerrenda-burua izan zen, CiU eta Coalicion Canaria alderdiekin koalizioan.
Erredakzioa
EAJ alderdiko zuzendaritzak maiatzean egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetarako zerrenda-burua Izaskun Bilbao izan dadila proposatu du.
Euzkadi Buru Batzarrek (EBB) eskaera formalizatu du, eta izendapena otsailean egingo den EAJren Batzar Nazionalean berretsi eta ofizialduko da.
2009ko hauteskunde europarretan ere, Bilbao izan zen EAJren zerrenda-burua. Orduan, jeltzaleek Ramon Tremosaren CiU eta Kanariar Koalizioa alderdiekin koalizioa osatu zuten.
Izaskun Bilbaok 52 urte ditu, eta Bermeon jaio zen. Eusko Legebiltzarreko lehen emakumezko presidentea izan zen 2005-2009 legealdian, kargua Juan Maria Atutxaren ostean hartuta.
2009ko martxoko hauteskundeetan, parlamentari autonomiko hautatu zuten, baina, bi hilabete geroago, eserlekua utzi eta Parlamentu Europarrera jauzi egin zuen.
EAJk oraindik ez du maiatzaren 25eko hauteskundeetara aurkezteko koaliziorik itxi.
Jeltzaleek berriro Kanariar Koalizioarekin koalizioa osatzeko akordioa ia itxita dute. Baliteke, gainera, talde horretara BNG alderdiaren zatiketa den Compromiso por Galicia (CxG) gehitzea.
Zalantza nagusia CiU da. ERCrekin zerrenda kataluniarra osatu eta Kataluniaren prozesu soberanistaren alde egingo duen edo berriro EAJrekin koalizioa osatuko duen erabaki beharko du Masen alderdiak.