Politika -
Agerraldia historikoa Bilbon
Indar abertzaleek debekuari mobilizazio isil batekin erantzun diote
EAJk, Sortuk, Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Geroa Baik, Alternatibak eta ELA eta LAB sindikatuek mobilizazioarekin bat egin dute, ANk Tantaz Tantaren deialdia debekatu ostean.
Eriz Lotina | eitb.com
Larunbat honetarako manifestazio "isila" deitu dute EAJk eta Sortuk, Tantaz Tanta plataformak presoen alde antolatutako martxa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu ostean.
Andoni Ortuzar EAJko eta Hasier Arraiz Sortuko presidenteek agerraldi bateratua egin zuten Bilboko Carlton hotelean deialdiaren berri emateko.
Manifestazioaren leloa "Giza eskubideak. Konponbideak. Bakea" izango da. Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Geroa Baik, Alternatibak eta ELA eta LAB sindikatuek mobilizazioarekin bat egin dute. Mobilizazioa Casillatik abiatuko da 18:00etan.
Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek, Rebeka Uberak (Aralar), Amaia Agirresarobek (Alternatiba) eta Alberto Unamunzagak (EA) Arraiz eta Ortuzar lagundu zituzten agerraldian.
Arraizek euskaraz eta Ortuzarrek gazteleraz adierazpen bat irakurri zuten. Manifestazio isilean parte hartzeko dei egin eta "giza eskubideen urraketaren eta salbuespen neurri negatiboen aurrean" agertoki berria sendotu behar dela erantsi zuten. Horregatik, mobilizazioaren leloak aldarrikatzen dituen helburuak lortzeko herritarren lana eskatu zuten.
"Salbuespenezko" agerraldia
Prentsaurreko oso laburrean, "ezohiko" agerraldia izan zela azaldu du Ortuzarrek, "salbuespenezko egoera batek eragin baitu".
"Gure erantzuna ezohikoa izatea ulertuko duzue, eta gaur adierazgarriena esandakoaz gain, bihar bezala, isiltasuna izatea", esan zuen Ortuzarrek agerraldia amaitutzat eman baino lehen.
Prentsaurrekoa historikoa izan zen eta komunikabide ugari bildu dira. Ikusmin handia piztu zuen agerraldiak.
Lehenxeago, Tantaz Tanta plataformak bere deialdia bertan behera utzi zuen, Auzitegi Nazionalak larunbateko mobilizazioa debekatu ostean. Bere helburuak "bete" direla azaldu zuen Tantaz Tantak.
Gainera, partikular batek manifestazioa berria deitu zuen arratsaldean, eta ia aldi berean Arraizen eta Ortuzarren prentsaurrekoaren berri eman zuten.
Manifestazio isilean parte hartuko ez duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, deialdiaren aurrean erabateko "errespetua"agertu dute, nahiz eta Jaurlaritzako ordezkaritzarik ez bidali.
Manifestazio berria debekatzeko dagoeneko Auzitegi Nazionalaren aurrean salaketa aurkeztu du Terrorismoraen Biktimen Elkarteak (AVT).