Politika -

Tantaz Tanta

Ruz epaileak Velascoren esku utzi du manifestazioa debekatzea ala ez

Ruz epaileak ez du deliturik ikusten Bilbon deitu duten manifestazioaren deialdian, eta, horrenbestez, ez du debekatzeko agindurik eman.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz epaileak ez du arrazoirik aurkitu ETAko presoen alde larunbatean Bilbon deitu duten manifestazioa debekatzeko, baina auzia Eloy Velasco epaileari igorri dio eta horrek oraindik martxa debeka dezake, Tantaz Tanta ekimena Herrira elkartearen ondorengoa dela ondorioztatzen badu.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, epaileak ez du delitu zantzurik ikusten larunbaterako deitu duten manifestazioan, eta, honenbestez, baztertu egin du debekatzeko neurririk agintzea.

Biktimen hiru elkartek manifestazioa debekatzea eskatu zioten Auzitegi Nazionalari, eta, eskaerei erantzunez, Fiskaltzak ere manifestazioa ez baimentzeko eskaera egin zuen atzo.

Fiskaltzaren ustez, Tantaz Tanta mugimenduak deitutako manifestazioak Herriraren estrategiari jarraitzen dio. Azken erabakia, baina, Eloy Velasco epaileak hartu beharko du, horrek erabaki baitzuen iazko irailean Herriraren jarduera bertan behera uztea.

Gaur igorritako autoan, Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari eskatutako txostenak jasotzen ditu Ruz epaileak. Horren arabera, martxaren helburua ETAko presoen alde eta giza eskubideak urratzearen eta sakabanaketaren kontra egitea da, eta protestaren benetako helburua beste bat dela esatea hipotesi edo susmo hutsa besterik ez da.

Ruzen esanetan, larunbateko manifestazioan terrorismoa goratuko dela esateak "susmoak" ditu oinarrian. "A priori", terrorismoa goratuko dutenik ezin izan dutela frogatu gaineratu du.

Poliziaren txostenaren arabera, biharkoak "ETAko presoen dispertsioaren aurka Bilbo urpean utzi nahi duen olatua" izan nahi du, eta parte-hartzaileek "ur-tantak" irudikatzen dituzten kartelak eramango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea