Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urkullu: 'Diaz ez da ETAren amaiera gidatzeko pertsona aproposa'

Lehendakariak esan du EPPKren aurkako operazioa "narrasa" izan dela eta "atzerapausoa" dela.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EITB.
Iñigo Urkullu lehendakaria. EITB.
Urkullu: 'Barne Ministroak ez du aurrera urratsik ematen'

0:36

D.P. / I.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EPPKren zortzi bitartekariren aurkako polizia-operazioa "narrasa" izan dela eta, bakegintzaren alorrean, "atzerapausoa" dela azpimarratu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioari eskainitako elkarrizketan, Jaurlaritzako buruak salatu du "legedi berezi bat" indarrean izaten jarraitzen dutela, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik bi urte igarota Euskal Herriak "beste garai bat" bizi duen arren.

Urkulluren hitzetan, atxiloketek "helburu mediatikoa" dute, eta aurretik egindako beste polizia-operazio batzuk "ezerezean amaitu dira", nabarmendu du. Besteak beste, Herriraren aurkako operazioa aipatu du lehendakariak.

Lehendakariak onartu egin du azken hilabeteetan "jarrera batzuk aldatu" egin direla eta Justizia alorrean "aurrerapausoak" ikusi dituztela Auzitegi Nazionaleko epaile batzuen erabakietan, tartean 'Parot doktrina' indargabetu ondoren kaleratutako ebazpenak ikusita. Hala ere, jarrera aldaketa hori "orokorra" ez izatea salatu du lehendakariak.

Bestalde, Urkulluren ustez, Jorge Fernandez Diaz egungo Barne ministroa ez da indarkeriarik gabeko garai berria gidatzeko pertsona "aproposa", bere agerraldi publiko guztietan "ezer gertatu ez balitz bezala" hitz egiten duelako.

Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin polizia-operazioaz mintzatu den galdetuta, oraingoan ez diola mezurik bidali baieztatu du. "Bilera baterako dataren inguruko erantzunaren zain nago. Batzarra egiten dugun une horretan, bakegintzaz eta bizikidetzaz bizi dugun egoeraz hausnarketa zabala egingo diot Rajoyri".

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Ertzaintza polizia-operaziotik kentzeko eskatuz egin zion deiaren inguruan, lehendakariak esan du berak ez diola Ertzaintzari bere jardunaren inguruko agindurik eman behar. "Operazio batean nola jardun behar duten agindu behar nuela pentsatzen bazuen, oker zegoen", gaineratu du.

Lehendakariak gogoratu duenez, Ertzaintza "polizia integrala" da, eta, horrenbestez, epaileen aginduak bete egin behar ditu.

EH Bilduren ordezkariaren deiaren harira, bere haserrea agerian utzi du, Mintegik dei horretan esandako guztia "hurrengo minutuan" hedabideei igorri zielako.

Bestalde, bake prozesua "geldirik" ez dagoela azpimarratu du lehendakariak. "Azpitik" lan asko egiten ari direla adierazi du, etorkizunean "pauso" gehiago eman ahal izateko.

Horrez gain, ETAren desarmea egiaztatu egin beharko dela esan du Jaurlaritzako buruzagiak. PPko Gobernuak egin nahi ez badu, Ertzaintza lan hori egiteko "prest" dagoela esan du Urkulluk.

Presoen aldeko manifestazioa

Urkulluk ez du aurreikusten Auzitegi Nazionalak presoen aldeko manifestazioa debekatzea, baina Fiskaltzak egindako eskaeraren aurrean bere "kezka" adierazi du.

Aurreko urteetan, urtarrileko manifestazioaren deialdia "oso testuinguru ezberdinetan" egin duten arren, ez dela "ezer" gertatu nabarmendu du lehendakariak.

"Zergatik dago, oraingo honetan, epailearen irizpidearen mende?", galdetu du.

Monarkia 'anakronikoa' da

Asteazkenean Urkulluk bere burua errepublikanotzat jo ondoren, gaur esan du sistema monarkikoa "anakronikoa" dela. Horren ustez, herritarrek aukeratu beharko lukete estatuko buruzagia nor den.

"Arazoa ez da hainbeste erregea osasuntsu dagoen edo jatorra den. Nire ustez, badaude herritarren borondatea hobeto islatzen duten beste sistema batzuk", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea