Politika -
Guardia Zibilaren operazioa
EH Bildu: 'Atxilotuak presoentzako neurri indibidualen bila ari ziren'
Marian Beitialarrangoitiak adierazi duenez, "Gobernuak bakearen etsai amorratua dela eta Euskal Herriko prozesuan trabak jartzeko ahalegin guztian jardungo dela erakutsi du nabarmen".
Erredakzioa
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, asteazken honetako operazioan atxilotu dituzten pertsonak EPPK presoen taldeko "kanpo bitartekarien taldekoak" dira eta presoak kartzelatik modu mailakatuan eta banaka ateratzeko "bide legalak" aztertzen ziharduten. Gainera, Gobernuak "bakearen etsai amorratua dela erakutsi du nabarmen", Beitialarrangoitiaren ustez.
Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean Beitialarrangoitiak azaldu duenez, "bagenekien ez bakarrik espainiar Exekutiboak Euskal Herriko prozesuari lagundu behar ez ziola, ezpada atzerapausoak egiten ari dela eta, hortaz, ahalegin guztian jardungo dela trabak jartzen". "Bide horretan egindako beste urrats bat da hau. Bat gehiago, ez lehenengoa, ezta azkena ere", erantsi du.
Beitialarrangoitiaren aburuz, operazioa "zaila da ulertzen, atxilotuak zein diren kontuan izanda: Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kanpo bitartekarien taldea".
Horregatik guztiagatik, "ez da ulergarria esatea haien egitekoa, hain zuzen ere, kolektiboak neurri indibidualik ez onartzea lortzea zela, zeren eta, presoen agirian bertan esaten denez, bitartekari talde honek epe motzean zeukan egitekoetako bat kontrakoa lortzeko adostasuna bilatzea baitzen hain justu: presoak modu mailakatuan eta banaka askatzeko erabakia gauzatzeko bide legalak aurkitzen ziharduten".
Presoen erabakia, "Estatuaren erantzunaz landa"
"Argi eta garbi gelditu da ostera ere Gobernuak bere urratsak besteon urratsen arabera emango dituela esan eta gero aurrerapauso horiek egiteko baldintzak aldatzen dituela, eta horrela oso agerian uzten du bakearen etsai amorratua dela", adierazi du Beitialarrangoitiak.
Horren ustez, honekin guztiarekin "benetako arazoari heltzea" ekidin nahi du, "existitzen ez dela dioen hori, gatazka, jorratzea saihestu".
Guardia Zibilaren operazioaren aurrean, Marian Beitialarrangoitiak uste osoa agertu du "Estatuaren erantzuna zein den gorabehera" hartu zutela presoek erabakia.