Politika -

Polizia-operazioa

Atxilotutako zortzi lagunak Madrilen dira jada

Atxilotuak komunikatuta daude, baina haien abokatuek "babesik eza" salatu dute, euren bulegoetara sartzerik ez dutelako.

Arantza Zuluetaren bulegoan izan da Guardia Zibila. Argazkia: EFE
Atxiloketak EPPK abokatuak EFE
Atxilotutako zortzi lagunak Madrilen dira

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) ETAko eta ezker abertzaleko presoak biltzen dituen kolektiboaren bitartekarien aurka egindako operazioan atxilotutako zortzi lagunak Madrilera eraman dituzte dagoeneko.

Atxilotuak komunikazio egoeran daude eta, ondorioz, euren abokatuek lagunduta deklaratu dute Guardia Zibilaren aurrean.

Agenteak berriz ere joan dira gaur goizean Arantza Zulueta abokatuaren bulegora, beste miaketa bat egiteko, baina arratsaldean Madrilera eraman dute Zulueta bera ere. Guardia Zibila Iñaki Goioaga abokatuaren bulegoa ere miatzen saiatu da (eraikin berberean dago), baina ezin izan du Goioaga bertan ez zegoelako.

Guardia Zibilak atzo ere arakatu zituen atxilotuen bulegoak eta etxebizitzak, tartean Zuluetarenak eta Jon Enparantzarenak.

Zuluetaren kasuan, bulegoaren miaketa gaur goizaldean bukatu dute, 02:30ean (15:30ean abiatu zuten). Dena dela, agenteak 04:30 arte egon dira bertan, bulegoan hartutako hainbat gauza ibilgailuetan sartzen. Agenteek abokatua etxetik atera dutenean, kanpoaldean dozenaka pertsona zeuden oraindik, atxiloketen aurka protesta egiten eta Zuluetari babesa erakusten. Ondoren, Lekeitiora eraman dute, etxea miatzeko.

Burlatan eta Buztintxurin (Iruñea) ere miaketak egin dituzte.

Atxilotuen abokatuen salaketa

EPPKo bitartekarien kontrako operazioan atxilotutakoen abokatuek salaketa egin dute Bizkaiko Abokatuen Kolegioaren aurrean haien bezeroak ezin dituztelako defendatu. Izan ere, atxilotuen bulego berak erabiltzen dituzte abokatu horiek, eta Poliziak ez die bertan sartzen uzten.

Abokatuek babesa eskatu diote kolegioari, bulegoan sartzen uzten ez dietenez atxilotuen defentsa egiteko aukerarik ez dutelako.

Polizia-operazioa

Atxiloketak Bilbon, Donostian eta Iruñean egin zituzten atzo, EPPK-k eragindako mina aitortu eta legedia onartu eta astebetera eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina' indargabetu ondoren aske geratu diren presoek adierazpen horrekin bat egin eta lau egunera.

Zulueta eta Enparantza ez ezik, Aitziber Sagarminaga, Aintzane Orkolaga, Mikel Almandoz, Asier Aranguren, Jose Luis Campo eta Egoitz Lopez de la Calle ere atxilotu zituzten.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroaren esanetan, operazioa "espetxeetako frontea"ren aurka egin dute, eta, horrela, presoak ustez kontrolatzen zituen "garroa" desegin dute.

Eusko Jaurlaritzak operazioa "justifikatuta" egotea espero duela adierazi du, une honetan "bakea eraikitzeko prozesu konplexua" abian baitago. Halaber, "harrituta" agertu da, operazioa "nahasgarria" izan baita. Josu Erkoreka bozeramaileak agerraldia egingo du eguerdian, 12:15ean, operazioaren balorazio sakonagoa egiteko.

EAJren ustez, operazio "susmagarria" eta "oportunista" da honakoa, eta atxiloketak "norabide zuzenaren kontrakoak" direla esan du.

Sortuk salatu egin du operazioa "bake-prozesua itotzeko PPk egindako enegarren saiakera" eta euskal gizartearen "bake, askatasun eta demokrazia gogoen aurkako eraso zuzena" dela. Gainera, PP "bakearen beldur" dela deitoratu du, "euren argudioak ahulak direla jakin baitakite".

Ezker abertzaleak Ertzaintzaren aurka ere egin du, operazioan parte hartzeagatik (manifestariak kontrolatu zituen). Horren ildotik, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari deitu zion atzo, agenteak ken zitzan.

Ministerioak atxiloketak egin aurretik eman zuen operazioaren berri

Polizia operazioa beste arrazoi bategatik ere izan da polemikoa; izan ere, Barne Ministerioak atxiloketak egin aurretik eman zuen horien berri.

Ministerioak 15:06an igorri zien prentsa-oharra hedabideei, EAEn eta Nafarroan "ETAko hainbat kide" atxilotu zituztela jakinarazteko.

Ordu erdi geroago, 15:34an, baina, beste ohar bat bidali zuen, aurrekoa baliorik gabe uzteko. Ordu horretan bertan hasi ziren agenteak abokatuen bulegoetan sartzen.

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa abiatuko du, Barne Ministerioaren hanka-sartzeak operazioa arriskuan jarri zuen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea