Politika -

PP-ren batzarra

Rajoyk 'denon artean' abortuaren testua hobetzeko konpromisoa hartu du

Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak adostasuna bilatzea eskatu du, eta Celia Villalobosek lege erreforma Parlamentura heltzen denean alderdian boto askatasuna ezartzearen alde egin du.

Mariano Rajoyk PPren zuzendaritzaren bilearen ostean hitz egin du. Argazkia: EiTB.
Mariano Rajoyk PPren zuzendaritzaren bilearen ostean hitz egin du. Argazkia: EiTB.
PPren Batzorde Exekutiboa Madrilen bildu da

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak abortuaren lege aurreproiektuaren testua hobetzeko eta hainbat agintari popularrek ezbaian jarri duten erreformaz "denokin hitz egiteko" konpromisoa hartu du PPren Batzar Exekutibo Nazionalaren aurrean.

Gainera, PP "bizitza babesten duen alderdia" dela esan du Rajoyk, eta epeen legea bertan behera uztea "hauteskundeetan hartutako konpromisoa" izan zela erantsi du, popularrek kazetariei esan dietenez.

Rajoyk PPren zuzendaritzaren batzarraren amaieran hartu ditu ahotan abortuaren inguruko hausnarketa hauek, hainbat erkidegotako presidenteek gai horren inguruan botatakoak entzun ondoren; Jose Antonio Monagok (Extremadura), Alberto Nuñez Feijook (Galizia), Luisa Fernanda Rudik (Aragoi) eta Pedro Sanzek (Errioxa) hartu dute hitza, besteak beste.

Jose Antonio Monagok, berbarako, erreforma honetan adostasuna bilatzeko ahalegina egitea proposatu du, eta Celia Villalobos Kongresuko Mahaiaren presidenteorde lehenengoak erreforma Parlamentura heldutakoan boto askatasuna egotearen alde egin du.

Gallardon, "entzuteko prest"

Alberto Ruiz-Gallardonek ere hitz egin du, eta Gobernuak eta PPk, abortuaren lege hau aldatzeko, hautesleen babesa dutela esan du. Are gehiago esan du: PPk 2010ean Auzitegi Konstituzionalean PSOEk aurkeztu zuen Epeen Legearen aurka helegitea jarri zuela eta, ondorioz, errekurtso horretan esan zutena ez betetzea "logikoa" ez litzatekeela uste du, nahiz eta Auzitegiak ez duen oraindik errekurtso horren gaineko ebazpenik eman.

Justizia ministroak kritikatu duenez, "ezkerreko alderdiek nagusitasun morala egotzi nahi diete beren buruari". Bukatzeko, PPko kargudunek gai honi buruz zer uste duten entzuteko  bere bulegoaren ateak zabalik egongo direla esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Albisteak gaur Rajoy