Politika -

Noos auzia

Cristina infanta inputatu du epaileak, dirua zuritzea egotzita

Jose Castro epaileak Cristina infanta inputatzea erabaki du, iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita. Infantak martxoaren 8an deklaratu beharko du, gaur igorritako autoaren arabera.

Cristina infanta. EFE.
Cristina infanta. EFE.
Infanta, inputatua

2:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro epaileak Cristina infanta inputatzea erabaki du, iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzita. Infantak martxoaren 8an deklaratu beharko du, gaur igorritako autoaren arabera.

Gaur erabaki du epaileak erregearen alaba txikiena inputatzea, eta 227 orrialdeko autoa igorri du, erabakiaren nondik norakoak azalduz.Epailearen erabakia ezagutu eta gero, Errege Etxeak "errespetua" agertu du. Duela egun batzuk, Rafael Spottorno Errege Etxeko bozeramaileak Noos auziko instrukzioa berehala ixtea eskatu zuen, "martirioa" baita erakundearentzat.

Gobernuak eta PSOEk "errespetua" azaldu dute inputazioaren aurrean. "Justizia guztientzat berdina" dela gaineratu dute beste alderdi batzuek. IU, PNV, ERC eta BNG pozik agertu dira epailearen erabakiarekin.

Manos Limpias sindikatua baino ez zegoen infanta inputatzearen alde; Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, Estatuko Abokatutza eta Urdangarinen abokatua aurka agertu ziren.

Cristina Borboikoaren abokatuak helegitea jarriko duela aurreratu du, eta Fiskaltzak ere berdin egingo du segur aski.

Bigarren aldia da Castro epaileak Cristina infanta inputatu moduan deituko duena. Iazko apirilean ere erabaki zuen infanta inputatzea, baina inputazioa bertan behera utzi zuen Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzan jarritako helegitea zela eta. Auzitegi Nazionalak Cristina infantaren inguruko ikerketa zabaldu zuen orduan.

Infanta inputatzeko argudioak

Autoan, Castro epaileak infanta inputatzeko zantzu nahikoak daudela adierazi du. Izan ere, Aizoon "delitu fiskalak" egiteko erabiltzea baimendu zuela eta enpresa horretako funtsekin gastu irregularrak egin zituela nabarmendu du.

"Ez da inor eskandalizatu behar horren harira galderak egin nahi izateagatik", aldarrikatu du Noos auziko instrukzio epaileak.

Horren esanetan, infantak Aizoon enpresan egiten ari ziren delituen berri ba ote zuen argitu behar du.

Castroren ustez, infantaren zeregina "Ogasunaren aurrean ezkutua izatea" zen.

Halaber, Castrok ukatu egin du infanta inputatzea erabaki "arbitrarioa" izatea, eta "onartezin"tzat jo du "Estatuko Erakundeekin lotutako pertsonak" inputatzean "tratamendu berezia" eman behar izatea.

Aitzitik, pertsonaia publikoek ardura berezia izan beharko luketela iritzi dio, "jarduera konprometituak" ez egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea