Politika -

EAJ-k desarmea eskatu du

Erkorekak ETAko presoei 'hitz emandako pausoak' emateko eskatu die

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazpena "ekintzetan" gauzatu behar dela esan du, eta Urkullu-Rajoy bilera etorkizuneko akordioak lortzeko garrantzitsua izan daitekeela uste du.

Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ETAko presoei espetxe politika onartzeko "hitz emandako pausoak" berehala emateko eskatu die, banan-banan kartzelatik irten eta birgizarteratzeko. Gainera, eragindako mina "modu argi eta sendoan" aitortzeko deia egin die, eta, presoen erabakietatik at, ETAk armak utzi eta desegin egin behar duela esan du, euskal gizartea "aspalditik pairatzen ari den zama horretatik askatzeko".

EAJko politikariak adierazi duenez, "ETAk atzerapenik gabe erabaki behar du armak uztea eta desegitea, euskal gizarteak hala eskatzen baitio". Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "adierazpena errealitatera ekarri" behar duela defendatu du, espetxe politika eta banaka askatzea onartuz.

Bozeramailearen aburuz, presoek "promesak egia bihurtu behar dituzte, benetan espetxe politika, banakako birgizarteratzea eta egindako mina modu argian eta sendoan onartzeko prest baldin badaude".

"Espetxe politika onartzea" oso garrantzitsua dela azpimarratu du; "pauso horrek banaka birgizarteratzea onartzea dakar, hala baitator legean".

"Legea onartzen hasi behar dute egiazko pauso eraginkorrekin, 'guztiak edo inor ez' estrategiekin denborarik galdu gabe", adierazi du, neurri orokortuei eta amnistiari erreferentzia eginez.

Muturreko portaerak baztertzea

Gobernuko ordezkariaren ustez, "momentu honetan, ETAko presoei eskatu beharreko pausoa eurek ematea erabaki dutena da: espetxe politika onartzea, beste guztia mugituko baitu horrek".

"Adierazpena bakarrik baldin badugu, ekintzetan gauzatzen ez bada, Gobernuak koherentzia izateko eta hitza betetzeko eskatzen jarraituko du", esan du.

Erkorekak adierazi duenez, "Gobernuak oso argi dauka" ETAk armak utzi behar dituela, "presoen kolektiboak hartu dituen erabakietatik at".

"Serioski pentsatu behar du armak uztea eta desegitea, eta zenbat eta lehenago, seguruago eta kalkulu politiko gutxiagorekin egiten duen, are hobea izango da erakundearentzat berarentzat nahiz euskal gizartearentzat, aspalditik pairatzen ari den zama horretatik askatuko baita", azaldu du.

Erkorekaren ustez, "euskal gizartea urte luzez eskatzen ari da desarmea, modu jarraituan, eta Eusko Jaurlaritzak bozeramailea izan nahi du".

Urkullu-Rajoy bilera

Iñigo Urkulluk Mariano Rajoy Espainiako presidenteari luzatu dion bilera izateko eskaria baliagarria izango dela uste du Erkorekak, Rajoyri bakea bezalako "erronkekin" inplikatu dadin eskatzeko. Hala ere, oraindik datarik ez duen bilera horretan "konpromiso eraginkorrak" lortzea "zaila" izango dela uste du.

"Gai horietan Rajoyren konpromisoa handiagoa izatea beti hobe izango da. Arazoa zera da: momentu honetan bilera bat izateak ez duela beti bermatzen konpromiso eraginkorrak lortuko direnik. Hala ere, ona da komunikazioa mantentzea, partekatutako informazioa etorkizuneko akordioetarako garrantzitsua izan baitaiteke", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea