Politika -

Tertulia politikoa

EAJk ez du beto eskubidea onartuko autogobernu ponentzian

Maria Eugenia Arrizabalaga parlamentari jeltzaleak adierazi duenez, ez dute "aldebakarreko independentzia deklarazioa" espero, baina ahalik eta "adostasunik handiena" lortu nahi dute.

Talde guztiek hartuko dute parte autogobernuari buruzko lantaldean

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ alderdiak gaur adierazi duenez, 2014ko lehen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrean sortuko den autogobernu ponentzian, ez du beto eskubiderik onartuko. Gehiengoarekin funtzionatuko duela defendatu dute jeltzaleek, baina ez dutela "aldebakarreko independentzia deklarazioa" lortzea espero aitortu dute.

Horixe adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko parlamentariak Radio Euskadiko tertulia politikoan. Bertan izan dira Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Txarli Prieto (PSE-EE), Anton Damborenea (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD).

Arrizabalagak esan duenez, jeltzaleek aste honetan proposatu duten ponentziaren helburua "ahal den neurrian, adostasunik handiena" lortzea da, eta horretarako, alderdi bakoitzak euskal autogobernua hobetzeko ideiak aurkeztu beharko ditu. Hala ere, argi utzi nahi izan du ez dela beto eskubidea onartuko: akordioen oinarria "beharrezko gehiengoa lortzea" izango da. Izan ere, Arrizabalagaren hitzetan, "demokraziaren printzipioen arabera, proiektu politiko guztiak bideragarriak dira gehiengoa lortuz gero". EAJk 27 parlamentari ditu 75etik; Eh Bilduk 21, PSE-EEk 16, PPk 10 eta UPyDk bat.

Arrizabalagak azpimarratu duenez, EAJ "independentzia grina" duen alderdia da, baina "pragmatikoa", era berean. Jeltzaleek ez dutela "aldebakarreko independentzia deklarazioa" lortuko onartzen dute, parlamentariaren aburuz, baina bai "autogobernu ahalmen handiagoa" izateko akordioa. Gainera, alderdiak euskal autogobernua bere gain hartuko duela adierazi du, Nafarroa aipatu gabe, "nafarrek euren izenean" hitz egingo dutela esan baitu Arrizabalagak.

PP: "parranda nazionalista"

Damborenearen aburuz, euskal alderdi guztiek "Hiru Erregeei gutun bat" idaztea nahi du EAJk, eta PP eta EH Bildu alderdietako ordezkariek batera idaztea "oso zaila" dela adierazi du.

"EAJk bere hauteskunde programa aurkeztu behar badu ponentzian (2015erako galdeketa bat sartu nahi dute jeltzaleek), hobe du albora uztea, ez baitugu onartuko. Lantalde hori parranda nazionalista bat bada, hobe dugu denbora galtze hori saihestea", esan du.

EH Bildu, erabakitzeko eskubidearen alde

Eh Bildu alderdiko Juanjo Agirrezabalak aipatu duenez, independentziak izan beharko luke ponentziaren helburua, eta EAJk horren alde egiten badu, euren babesa jasoko duela hitz eman du.

"Orri zuri hori idaztea erraza izan daiteke EAJk subjektu politikoa Euskal Herria dela defendatu eta erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko borondate politikoa aurkezten badu", azpimarratu du.

PSE-EE: "independentzia lardaskeria bat da"

Txarli Prieto legebiltzarkide sozialistak esan du euskal autogobernua hobetzeko gaitasuna "nahiko mugatua" dela. Gainera, ponentzian "idazkera lehiaketa" bat martxan jarri eta Legebiltzarreko alderdiak "eskolan bezala, idazten" jartzea leporatu dio EAJri.

"Independentzia ez da lehentasunezkoa eta lardaskeria bat da", salatu du Prietok, Igeldon gertatu dena gogoraraziz. Gipuzkoako Aldundiak ahalbidetu du Donostiatik independizatzea, eta Donostiako Udalak helegitea jarriko du.

UPyD: Euskadi, "galbidera"

Gorka Maneirok ponentzian izango dela baieztatu du, baina EAJren "independentzia lortzeko nahia" ez duela babestuko argitu du, horrek Euskadi Europatik atera eta "galbidera" eramango lukeela uste baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea