Politika -
batzorde txostengilea
PP, 'eszeptiko' baina autogobernuari buruz hitz egiteko prest
Borja Semperrek esan duenez, bere alderdia prest dago euskal autogobernuari buruz hitz egiteko "administrazioa modernizatzeko" eta Autonomia Estatutuari probetxu gehiago ateratzeko.
Borja Semper Eusko Legebiltzarreko Alderdi Popularreko bozeramailea "eszeptiko" azaldu da EAJk proposatutako estatutu berriaren batzorde txostengileren inguruan, baina bere alderdia prest omen dago euskal autogobernuaren inguruan hitz egiteko "administrazioa modernizatzeko" eta Autonomia Estatutuari probetxu gehiago ateratzeko.
EAJk autogobernuari buruzko batzorde txostengile berri bat sortzeko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Bere iritziz, "interes ezkutuak" ditu batzorde horrek eta "hiritarrak zorabiatzea eta eztabaida amaitezinak sortzea" du helburu. "Tortura politikoa" gisa kalifikatu du eta "nagi handia" sortzen omen dio gai horrek.
Semperen ustez, EAJk uste du Estatutua balio ez duen lanabes bat dela eta horregatik nahi du beste bat, baina "ez digu esan daukagunak zertan huts egiten duen". "Euskadi Ferrari bat da, baina EAJk 600 bat bailitzan gidatzen du. Gure autogobernuak potentzial handia du, baina ez dakit zer gainditu behar den lanabes hobea edukitzeko", esan du bozeramaile popularrak.
Estatutuari buruz "hausnartzeko" aukera zabalik dutela adierazi du, Euskadik "instituzio sistema zabala du: hiru aldundi, udal garrantzitsu asko, Eusko Jaurlaritza eta erakunde pilo bat". "Instituzio sare handia du eta inork ez du desegin nahi. Jeneral asko daude, eta soldadu gutxi", gehitu du Semperrek. Bikoiztasunak ekiditeko eta administrazioa modernizatzeko deia luzatu du azkenik.
Euskadi ikusteko bi modu dutela eta EAJrekin "aurrez aurre" jarriko omen dira: "EAJk independentziara heldu nahi du eta Alderdi Popularrarenak batzen gaituena bilatzen du, sinergiak bilatuz Espainiarekin eta Europarekin".