Politika -

Estatus juridiko berria

Estatutuak izan zuena baino babes handiagoa lortu nahi du EAJk

Andoni Ortuzarrek eta Joseba Egibarrek estatus juridiko berriari buruz eztabaidatzeko lantalde bat sortzeko proposamena aurkeztu dute, Eusko Legebiltzarrean.

Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar, lantaldea sortzeko proposamena erregistratzen. EiTB
Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar, lantaldea sortzeko proposamena erregistratzen. EiTB
Eztabaida taldea otsailean hasi liteke lanean

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk abiatu egin du gaur Euskadirentzako estatus juridiko berriari buruzko eztabaida.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruz eztabaidatzeko lantalde bat sortzeko proposamena erregistratu du, Gasteizko Ganberan. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Joseba Egibar bozeramaileak egin dute.

Horien esanetan, helburua 2015. urterako akordio politikoa lortzea da, ondoren herritarrei galdetzeko. Gernikako Estatutuak izan zuena baino babes handiagoa lortu nahi dute.

Orain, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ekimena kalifikatu egin behar du, eta ondoren osoko bilkurak oniritzia eman beharko dio lantaldearen sorrerari. Baliteke batzordea otsailean hastea lanean.

Prentsaurrekoan, Ortuzarrek aitortu egin du "abentura zaila" izango dela, baina alderdiek "elkarrizketarako gaitasuna" izango duten konfiantza agertu du. Talde parlamentario guztiek hartuko dute parte lantaldean.

"Estatus juridiko-politiko berriak Gernikako Estatutuak izan zuena baino babes handiagoa izatea nahi dugu, baina egun Eusko Legebiltzarrean dauden sentsibilitate politikoei moldatuta, 1979. urtean zeudenekin alderatuta ezberdinak direlako", esan du.

Buruzagi jeltzalearen esanetan, autodeterminazioa "prozesu honen ondorioa" izan behar da, "edozein erreforma Estatutuan eta Konstituzioan aurreikusitako mekanismoen bidez egin behar baita".

OPOSIZIOA

EH Bilduk Loiolako Akordioaren edukiak eta Eusko Legebiltzarrak 2004an onartu zuen Estatutu Politiko Berriaren (Ibarretxe Plana) atarikoa berreskuratzea eskatu dio Ortuzarri.

PSE-EErentzat "lehentasuna ez da" Euskadirentzat marko juridiko politiko berriaz eztabaidatzea, baina prest dago "autogobernua izan denaren berrikuspen bat" egiteko Gasteizko Ganberan, marko hori hobetu eta "Euskadiren etorkizuna Espainia eta Europa barruan eraikitzeko".

PPk "erantzukizunagatik" parte hartuko du lantaldean, baina ez du onartuko marko juridikoaren "hausturaz, independentziaz edo erabakitzeko eskubideaz" eztabaidatzerik.

Azkenik, "eskuduntza berdinak dituzten erkidego autonomoek osaturiko Estatu federal asimetrikoa" defendatuko du UPyDk, "hiritarren arteko berdintasun handiena bermatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea