Politika -
Eusko Legebiltzarra
Estatus juridikoari buruzko eztabaida ostegunean jarriko da martxan
Egun horretan, EAJk estatus politiko berriari buruz eztabaidatzeko lantaldea sortzeko proposamena aurkeztuko du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Joseba Egibar bozeramaileak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) estatus politiko berriari buruzko lantaldea sortzeko ekimena aurkeztuko dute ostegun honetan, abenduaren 26an, Gasteizko Ganberan.
Alderdi jeltzaleko iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez, testua 09:30ean aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta horrela, EAEko egungo autogobernuari buruzko eztabaida abiatuko da Ganberan, estatus hori eguneratzeko oinarri adostuak ezartzeko helburuarekin.
Legebiltzarreko lantalde honetan ordezkaritza duten alderdi guztiek hartuko dute parte hartuko dute, hau da, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk. Lantaldeak estatus politikoaren eguneratzeaz eztabaidatuko du, ezarri beharreko prozedura eta artikulazio juridikoak finkatzeko eta zehaztu beharreko epeak aztertzeko asmoz.
Segur aski, lantaldea ez da urtarrila amaitu aurretik edo otsailaren hasiera baino lehenago bilduko, eta litekeena da urtebete baino lehenago estatus berriaren inguruko testu artikulaturik ez izatea.
EAJk "akordio zabal eta sendoa" egiteko denbora hartu nahi du, Gernikako Estatutuak duela 35 urte izan zuen adostasuna baino zabalagoa lortu nahi duelako. Horrela, alderdi guztien atxikimendua lortu nahi du, nahiz eta, hasieran behintzat, zaila dirudien.
OPOSIZIOA
EH Bilduk Loiolako Akordioaren edukiak eta Eusko Legebiltzarrak 2004an onartu zuen Estatutu Politiko Berriaren (Ibarretxe Plana) atarikoa berreskuratzea eskatu dio Ortuzarri.
PSE-EErentzat "lehentasuna ez da" Euskadirentzat marko juridiko politiko berriaz eztabaidatzea, baina prest dago "autogobernua izan denaren berrikuspen bat" egiteko Gasteizko Ganberan, marko hori hobetu eta "Euskadiren etorkizuna Espainia eta Europa barruan eraikitzeko".
PPk "erantzukizunagatik" parte hartuko du lantaldean, baina ez du onartuko marko juridikoaren "hausturaz, independentziaz edo erabakitzeko eskubideaz" eztabaidatzerik.
Azkenik, "eskuduntza berdinak dituzten erkidego autonomoek osaturiko Estatu federal asimetrikoa" defendatuko du UPyDk, "hiritarren arteko berdintasun handiena bermatzeko".