Politika -

EAJ eta PSE-EEren botoei esker

'Euskal Y'-an egiteke dauden tarteak Euskadik esleitzea eskatu dute

PP, EH Bildu eta UPyD egitasmoaren aurka azaldu dira, arrazoi berdinak argudiatuta. Sozialistek eta jeltzaleek euskal sarea etenda geratzea ekidin nahi dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak 'Euskal Y'-an egiteke dauden tarteak Euskadik eslei ditzan eta trenbidea Burgosekin eta Iruñearekin lotzeko inbertsio plan bat bi hilabeteko epean aurkezteko eskatuko diote Espainiako Gobernuari, gaur onartu duten egitasmo baten arabera.

Egitasmoa PSE-EEk bultzatu du, baina azkenean EAJrekin adostutako testua onartu dute, nahiz eta PP, EH Bildu eta UPyD kontra azaldu diren.

Norberto Aldaiturriagak (EAJ) gogorarazi duenez, Madril-Irun-Paris tartea Bruselara iristeko biderik motzena da, eta Espainiako abiadura handiko sarea Europakoarekin lotzeko modurik errazena; baina Espainiako Gobernuek Madril Galiziarekin, Segoviarekin eta Alacantekin lotzea lehenetsi dute, "Estatu erradial baten politikari jarraituz".

Oscar Matute (EH Bildu) Euskadik tarte horiek esleitzearen kontra agertu da, eta "diru publikoa ingurumenean talka handia eragiten duen eta gizartearen mesedetan egiten ez duen proiektu batean xahutzea" salatu du. "Zentzuzkoa iruditzen al zaizue Espainiako Estatua abiadura handiko trenbideko kilometro gehien dituen munduko bigarren herrialdea izatea?", galdetu du.

Jesus Maria Zaballos sozialistak ezbaian jarri du 'Euskal Y'-a lehen mailako lana izatea PPrentzat; izan ere, "hala balitz, Bergarako korapiloa (AHTaren hiru adarrak bertan batzen dira) Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke", esan du.

Juana Iturmendi PPko legebiltzarkidearen esanetan, berriz, lan horrek "lehentasun" osoa dauka Espainiako Gobernuarentzat. Horren erakusgarri, Zapateroren agintaldian mila milioiko inbertsioa egin zela eta Mariano Rajoyk diru hori bi urtetan bikoiztu egin duela gaineratu du.

UPyDk, aldiz, onartu den testuaren puntu bat baino ez du babestu. Bertan, EBk abiadura handiko trenen alorrean ezarritako lehentasunak betetzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea