Politika -
PSOE-ren kritika
Rubalcaba: 'Caja Madrid PPren hondakinez betetako kutxa da'
PSOEren buruaren arabera, Caja Madriden (gaur egun, Bankia) erreskatea ez da batere arrakastatsua izan, "PPren hondakinez beteta dagoen kutxa erreskatatu dugu eta".
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak arbuiatu egin du Caja Madriden (gaur egun, Bankia) erreskatea arrakastatsua izatea, eta galdegin du ea "norentzat" izan den arrakastatsua "diru publikoarekin PPren hondakinez betetako kutxa bat erreskatatu izana".
Hala salatu du sozialisten buruzagiak Europa Pressek antolatutako gosari informatiboetan. Rubalcabak, bide batez, Javier Fernandez Asturiasko presidentearen aurkezpena egiteko aprobetxatu du unea; bere ustez, "zintzotasunaren" eta "zorroztasunaren" eredu da, eta "emandako hitza" betetzen duelako ezberdina da.
Rubalcabaren esanetan, egunotan egunkarietan irakurritakoaren ondoren, deigarria da "norbaitek Caja Madriden erreskatea arrakastatsua izan dela esatea. Norentzat izan da arrakastatsua? PPren hondakinez betetako kutxa bat diru publikoarekin erreskatatu dugu eta", gaineratu du.
Sozialisten buruak azken egunotan Miguel Blesa Madrilgo kutxa horren presidente ohiaren hainbat mezu (horietako batzuk Aznarren semeari zuzendutakoak) ezagutu ostean egin ditu adierazpenok.
Atzo, asteazkena, informazio hori ezagutu eta gero, PSOEk iragarri zuen Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiari salaketa bat igorriko diotela, Rubalcabaren ustez, influentzia trafikoaren delitu bat izan litekeelako.