Politika -
EH Bilduren eskaera
Ertzaintzaren burua ez da Legebiltzarrean Cabacas auziaz arituko
Beltran de Herediak ere ez du azalpenik eman beharko. Izan ere, EAJk, PSE-EEk eta Alderdi Popularrak ez dute EH Bilduk egindako eskaera babestu, "une honetan Justiziak erabaki behar duelako".
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Erakundeen Batzordeak atzera bota du gaur EH Bilduk, Cabacas auziarekin lotuta, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buruari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari azalpenak emateko egindako eskaria. Azken honi Aldekoaren izendapenari buruzko azalpenak eskatu zizkioten.
Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduren eskariari ezezkoa eman ostean, gai honen inguruan aritu da gaur berriro Erakundeen Batzordea. Hain zuzen ere, ostiralean ukatu zuen koalizio abertzalearen eskaera Mahaiak, eta, horri erantzunez, EH Bilduko legebiltzarkide guztiek kontrolerako saiotik alde egin zuten.
Athleticen partida bukatu eta gutxira Ertzaintzak burututako operazioaren ondorioz hil zen Iñigo Cabacas, 2012ko apirilean. Hain zuzen ere, ertzain batek jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Basauriko gaztea. Hori dela eta, gau hartan abiatutako operazioan izandako parte-hartzeari eta erantzukizunari buruzko azalpenak emateko eskatu zion Aldekoari Bilduk. Aldekoa zen orduan Bilboko ertzain-etxeko arduraduna.
Duela hilabete inguru, Eusko Legebiltzarrak ukatu egin zuen auzi honen gaineko ikerketa batzordea sortzea, eta gaur EAJk, PSE-EEk eta PPk ez dute EH Bilduk egindako eskaera babestu, "une honetan Justiziak erabaki behar duelako", horien iritzian. Gorka Maneiro (UpyD) abstenitu egin da.
Bozketaren emaitzak ikusita, Julen Arzuagak (EH Bildu) "gordintzat" jo du erabakia.