Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bildu saiotik irten da, Ganberan 'betoa' jartzen dietela salatzeko
Koalizioko 21 legebiltzarkideak beren aulkietatik altxatu dira, "betoa" jarri dietela eta "zentsura politikoa" egiten dutela salatzeko, gainerako alderdiek haien zenbait ekimeni bidea itxi eta gero.
Erredakzioa
Gaur, kontroleko osoko bilkuran, EH Bilduk Gasteizko Ganberan dituen 21 legebiltzarkideak beren aulkietatik altxatu dira eta saiotik alde egin dute, Ganberako Mahaian aurkeztutako hainbat ekimeni bidea itxiz, EAJk, PSE-EEk eta PPk "betoa" jarri dietela eta "zentsura politikoa" egiten dutela salatzeko.
Koalizioko legebiltzarkideak beren tokian egon dira lehen bost galderetan, eta, seigarrenean, berari zegokion itaunean, Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariak Mahaiaren aurka egin du, beren hainbat ekimen bideratzeari muzin egin diolako.
Orduan, Barkartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak (EAJ) hiru aldiz kargu hartu dio eta, Maeztuk ez dionez gai horretaz hitz egiten utzi, hitza kendu dio. Taldeko legebiltzarkide guztiek alde egin dute orduan.
Hain zuzen ere, Mahaiak, EAJren eta PPren botoei esker, EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari egin nahi zion galdera bati betoa jarri izana kritikatu dute. Hiriko porrot egin zuen auto elektrikoaren egitasmorako bideratu zen diru publikoa nola berreskuratuko den galdetu nahi zioten lehendakariari.
Halaber, EH Bilduk salatu duenez, EAJren eta PSE-EEren botoei esker, Mahaiak ez dio biderik ireki Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru berria eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua Cabacas auziari buruz Legebiltzarrean hitz egiteko egin zuten eskariari.