Politika -
Kontsulta, Katalunian
Kataluniako kontsultarako hurrengo urratsak
Konstituzionalak ezin du kontsulta debekatu oraindik. Bien bitartean, Kataluniako Parlamentuan kontsulten lege bat izapidetzen ari dira.
D. P. | eitb.com
Auzitegi Konstituzionalak ezin du oraingoz galarazi Kataluniako kontsulta independentista, ez behintzat atzoko iragarpena lege bihurtu arte.
Atzo, Artur Mas Generalitateko presidenteak kontsultaren data eta galderak adostu zituen ERCrekin, ICV-EUiArekin eta CUPekin, baina oraindik ez du onartu kontsulta hori arautuko duen ebazpena.
Gainera, Konstituzionalak ezin du ofizioz esku hartu, eta, beraz, norbaitek helegitea aurkeztu beharko du epaileek auzia azter dezaten. Helegitea, baina, Espainiako Gobernuak, Herriaren Defendatzaileak eta 50 senatarik edo 50 diputatuk baino ezin dute aurkeztu. Dena dela, Kataluniako Gobernuak legea onartu eta aldizkari ofizialean publikatu arte itxaron beharko dute.
Helegitea aurkeztu eta gero, Konstituzionalak ez du epemugarik izango izapidetzea onartu edo ez erabakitzeko. Onartu egingo balu, kontsulta baliogabe geratuko litzateke automatikoki, bost hilabetez. Denbora hori igarota, debekua kendu edo mantendu erabaki beharko du Auzitegiak. Gerta liteke urteak pasatzea behin betiko epaia eman arte.
Euskal kontsultaren adibidea
2008. urtean Eusko Jaurlaritzak kontsulta bat deitu zuenean, Konstituzionalak azkar debekatu zuen.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 2007. urteko irailaren 28an iragarri zuen kontsulta, hurrengo urteko urriaren 25erako, eta Jaurlaritzak 2008. urteko maiatzaren 25ean onartu zituen galderak eta lege proiektua. Hilabeteren ostean, ekainaren 27an, Eusko Legebiltzarrak ere onartu zituen.
Horren ostean, Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen uztailaren 15ean, hau da, legea EAEko aldizkari ofizialean agertu zen egun berean. PPk ere Konstituzionalera jo zuen.
Auzitegiak bi egun baino ez zituen behar izan helegiteak izapidetzea onartzeko, eta bi hilabete kontsulta behin betiko debekatzeko.
Kontsulten eskuduntza
Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordeak (otsailean sortu zuen Generalitateak, independentziarako bidean laguntzeko) bost bide proposatu ditu independentzia lortzeko. Horietako baten alde egin du Artur Masek: Espainiako Gobernuari kontsultak deitzeko eskuduntzaren transferentzia eskatzea.
Nolanahi ere, Moncloak ezetza emango duela aurreikusita, Kataluniako Parlamentuan kontsulten lege bat izapidetzen hasi dira jada.