Politika -

Presoen eskubideen alde

'Tantaz tanta' ekimenak Bilbo itsaso bihurtu nahi du urtarrilaren 11n

Antolatzaileek herritarrei egin diete deialdia, ez alderdiei, eta ez dutela kolektiboen atxikimendurik bilduko argitu dute.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Urtarrilaren 11ko mobilizazioa erregistratu du 'Tantaz Tanta' ekimenak

0:58

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Tantaz tanta' ekimenak Bilbo itsaso bihurtu nahi du urtarrilaren 11n, sakabanaketarekin amaitzeko eta "konponbidea eta bakea" eskatzeko. Antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta ez dutela kolektiboen atxikimendurik bilduko argitu dute. Halaber, euskal gizartearen "aniztasuna" islatzea izango dute helburu.

Ekimeneko ordezkariek gaur goizean erregistratu dute urtarrilaren 11n, Bilbon, presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra egingo duten mobilizazioa.

'Tantaz tanta' ekimeneko bozeramaileek azaldu dutenez, 1.200 tantaren izenean egin dute deialdia, une honetan ekimena osatzen duten pertsonei erreferentzia eginez. Ez da ohi bezalako manifestazioa izango, eta "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" lelopean, sakabanaketaren kontrako itsaso handi bat irudikatu nahi dute Bilbon.

Hori dela eta, ez da ez ibilbiderik, ez pankartarik, ez amaierako komunikaturik izango. Antolatzaileen esanetan, konponbidearen aldeko ekimen herritarra egin nahi dute, eta urtarrilaren 11n egun osoan zehar izango dira ekitaldiak.

Ez dute blokerik sortzerik nahi, ezta gaia alderdiek elkarri egozteko arma gisa erabiltzerik nahi ere. "Pertsonei egiten diegu deialdia, izen eta abizenekin. Egun horretan herritarrak aterako dira kalera, eta horregatik ez ditugu kolektiboen atxikimenduak bilduko. Tantak bilatzen ditugu", gaineratu dute.

Presoen giza eskubideak errespetatzeko eta konponbidearen eta bakearen alde pausoak emateko eskatuko dute. Antolatzaileen esanetan, gizartearen zati handi batek eskari horiekin bat egiten du. "Jende-talde hori itsaso bihurtzen bada, litekeena da aldaketak egotea. Hori dela eta, ekimenaren aniztasuna bermatu nahi dugu, eta tantei dei egiten diegu", gaineratu dute.

Urtarrilaren 11n goizean goizetik Bilbora joateko deia egin diete herritarrei. Ekitaldiak 11:00etan hasi eta 22:30ean amaituko dira. Itsasoa, aldiz, 17:30ean hasiko da eratzen, eta ordubete geroago helduko da une gorenera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea