Politika -
ETAko presoak
Jaurlaritzak eta biktima batek preso damutuekiko zitak eskatu dituzte
PPk hauteskundeak irabazitakoan, Espainiako Gobernuak ETAren biktimen senideen eta "Langraiz bideko" preso damutuen arteko bilerak bertan behera utzi zituen.
Erredakzioa
Txema Urquijo Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako aholkulariak eta Iñaki Garcia Arrizabalagak, Komando Autonomo Antikapitalistek hildako gizon baten semeak, ETAren biktimen eta "Langraiz bideko" preso damutuen arteko bilerak berriz egiten hastea eskatu dute, PPk bertan behera utzi baitzituen.
Urquijok eta Garcia Arrizabalagak, Manuel Garcia Cordero Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten Telfonicako ordezkariaren semeak, biktimek eta Langraizen kartzelatuta zeuden ETAko kide ohi damutuek izan zituzten bilerez hitz egin dute gaur solasaldi batean. 2011n egin zituzten bilera horiek, eta PPk bertan behera utzi zituen, Gobernuan jarri zenean.
Urquijok argitu duenez, gaurko solasaldira Langraizko presoetako bat ere gonbidatu zuten antolatzaileek, Bakeola bitartekaritza zentroak, baina Gobernu Zentralak ez dio jardunaldietara joateko espetxe baimenik eman. Urquijok hori gaitzetsi du, "bertaratu direnei bizikidetza hobetzen lagunduko duen lekukotasuna kendu baitiete".
Garcia Arrizabalaga Araban preso zegoen ETAko kide ohi batekin bildu zen 2011ko maiatzaren 25ean; ez zen, halere, aita hil zion taldeko kide.
"Komando horretakoak ez dituzte inoiz epaitu, eta inork ere ez du ezer egin nire familiarengana hurbiltzeko. Egunen batean damu apurrik erakutsiko balute, haiekin hitz egiteko gogoa ere izango nuke, adibidez, nire aita zergatik utzi zuten zuhaitz batean kateatuta galdetzeko", ekarri du gogora minduta.
Gaur, "Langraiz bideko" ETAko presoarekin izandako hitzordua gogoratu du: "Ni oso gela txiki batean nengoen, altxatu nintzen eta bostekoa eman genion elkarri. Biok bakarrik egon ginen, ordu bat eta berrogeita hiru minutuz. Hasieran, gizonak ez zidan begietara begiratzen. Orduan, esan egin nion, eta burua altxatu zuen, begiratzeko. Gauza askotaz hitz egin genuen", adierazi du.
Garcia Arrizabalagak solaskideari berak eta familiak pasatu zutena "zehatz-mehatz" kontatu nahi zion, "bertatik bertara": "Kontatu nion, ordura arte inork kontatu ez ziola bainekien. Azken hitzak hauek izan ziren: joder, zer gogorra, zelako istorio gogorra!", esan du.
Elkarrizketaren azken bost minutuak gogoratuta, hau esan du Garcia Arrizabalagak: "Nik eta familiak pairatu genuenagatik barkamena eskatu zidan. Hunkituta gelditu nintzen, barkamena eskatzen zidaten lehen aldia zelako. Ez zen nire aita hil zuen komandoko kidea, baina hunkituta gelditu nintzen, eta onartu nion, noski. Haren biktima zuzenei ere eskatzeko eskatu nion, gero".
Garcia Arrizabalagak bilera horiek egitearen alde egin du: "Borondate politiko argi bategatik geldituta dago gai hori, eta kritikagarria da hori. Imajinatzen dugun baino askoz gehiago ekarri zuten, eta ezin da ulertu ateak itxita egotea".
"Badakit biktima gehiago daudela batzar horietan parte hartzeko asmoz, niri galdetu egin baitidate. Biktimen mundua monolitikoa bailitzan ikusten da, baina ez da horrenbeste", erantsi du.
Halaber, Urquijok Euskaditik kanpoko hainbat biktimak deitu diotela eta prozesuaren gaineko informazioa eskatu diotela esan du.