Politika -

Polemika Katalunian

'Espainia Kataluniaren aurka' jardunaldiak polemika piztu du

Espainiako Gobernuaren aburuz, jardunaldiak "historiaren faltsifikazioa" egiten du edukietan. Antolatzaileek, berriz, egiazkotasun historikoa defendatu dute.

Jaume Sobrequés eta Joandomènec Ros jardunaldiaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Jaume Sobrequés y Joandomènec Ros
Jaume Sobrequés eta Joandomènec Ros jardunaldiaren aurkezpenean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Espainia Kataluniaren aurka, begirada historiko bat (1714-2014)" jardunaldiak hautsak harrotu ditu Katalunian. Ostegunean hasiko da sinposioa, eta, Gobernuaren aburuz, "historiaren faltsifikazioa" da edukietan. Antolatzaileek, berriz, egiazkotasun historikoa defendatu dute.

Ostegun eta larunbat artean egingo da jardunaldia, eta hainbat hitzaldi entzuteko aukera izango da. Besteak beste, ondorengoak: "Espainia eta Katalunia, 300 urteko gatazka politikoa", "300 urteko espainolismoa Katalunian", "Kataluniako ekonomia eta Espainiako desberdintzaren kostua", "Lapurretaren apoteosia: XXI. mendea", "Herri baten arimaren aurka: kultura errepresioa" eta "Historiaren faltsifikazioa".

Fancresc Homs Generalitateko Presidentetza kontseilariak emango dio hasiera jardunaldiari. Hitzaldiak Kataluniako Historia Garaikidearen Zentroak antolatu ditu.

1714ko hirurehungarren urteurrena gogoratzeko ekitaldien baitan antolatu dute jardunaldia. Jaume Sobregues zuzendariak eta antolatzaileek sinposioa defendatu dute, eta ekitaldiaren aurkako historialari eta alderdien "propaganda operazioa" kritikatu dute.

Jaume Sobreguesek eta Joandomènec Ros i Aragonès Ikerketa Katalanen Institutuko zuzendariak adierazi dutenez, "jardunaldiaren izenburua ez da eztabaidatzen, erabat egokia da, eta eztabaidagarria ez den errealitatea erakusten du".

Kritikak

Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri Gaietako ministroak, berriz, sinposioa "historiaren faltsifikazioa" dela esan du. "Ez du laguntzen Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak hobetzen", gaineratu du.

"Oso jolas arriskutsua iruditzen zait, bizi dugun unea kontuan izanik", gaineratu du.

Alicia Sanchez-Camacho PPCko buruzagiak ere jardunaldia kritikatu du. "Kataluniako Gobernuak gorrotoa eta Espainiaren aurkako fobia bultzatu nahi ditu", esan du, eta jardunaldia bertan behera uzteko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea