Politika -

Nafarroako hezkuntza

Nafarroako D ereduari buruzko azalpenak eman beharko du Barcinak

Presidentearen, Hezkuntza kontseilariaren eta presidenteordearen azalpenak eskatu dituzte Bilduk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak. Sindikatuek, berriz, D ereduaren aldeko manifestazioa deitu dute.

Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea. EFE
Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea. EFE
Yolanda Barcina, Nafarroako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina presidenteak, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak eta Juan Luis Sanchez de Muniain presidenteordeak Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin beharko dute, D ereduaren inguruan sortutako polemika azaltzeko. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak gaur onartu dituzte agerraldi horiek.

Yolanda Barcinaren agerraldia Bilduk eskatu du, Guardia Zibilak D ereduko irakasleen inguruan egindako txostenean presidenteak zer-nolako parte-hartzea izan zuen eta horri buruz zer zekien azal dezan. Sanchez de Muniainen azalpenak PSNk eskatu ditu, eta Jose Iribas kontseilariarenak, aldiz, Izquierda-Ezkerra alderdiak. Azaroaren 25ean telebistan emititu zen saio batean, Iruñeko Iturrama institutuko adingabeen eskubideen balizko urraketari buruz mintza dadin eskatu diote Iribasi, eta Nafarroako D ereduko irakasleen aurkako salaketa "gogorrak" izan beharko ditu hizpide Hezkuntza kontseilariak.

D ereduaren aldeko manifestazioa

LAB, STEE-EILAS, ELA, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak sindikatuek manifestazioa deitu dute Iruñean abenduaren 18rako, Nafarroako irakaskuntza publikoan D eredua erabiltzearen alde, "Hezkuntzan kolore guztiak" lelopean.

Sindikatuetako ordezkariek prentsaurreko batean salatu dutenez, UPN eta PPN alderdiek, zenbait hedabidek eta Nafarroako Gobernuak "euskarazko hezkuntzari eraso egiteko" erabili dute Guardia Zibilak irakasleei eta horien lotura politikoei buruz egindako txostena.

Gainera, Intereconomia eta El Mundo komunikabideen aurkako neurri legalak har ditzan eskatu diote Hezkuntza Departamentuari, horren inguruan zabaldutako irudiak eta "gezurrak" direla eta.

Horren harira, matrikulazio epea aurki zabalduko dela gogorarazi dute, eta UPNk, euskararen kalterako, "(ingelesezko) PAI eredua inposatzearen aldeko apustua" egin duela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea