Politika -
Durangon
Tantaz Tantak presoen eskubideen aldeko olatu bat irudikatu du
Ekimena, urtarrilaren 11n Bilbon egingo duten manifestazioaren atarikoa, Durangon egin dute eta kalejira baten ostean burutu dute.
Tantaz Tantak, Bilboko kaleetan zehar urtarrilaren 11n ibiliko den manifestazioa antolatzen ari den ekimenak, olatu solidario bat irudikatu du Durangon, larunbat arratsaldean. Ekintza honek aipatutako manifestazioa iragarri du; antolatzaileek esan dutenez, manifestazio horrekin EAEn inoiz ez bezala beteko dute eremu publikoa.
Olatua Durangoko Azokaren pabilotik irten den kalejira batekin abiatu da. Zanpantzarren talde batek ireki du segizioa, erraldoiak eta buruhandiak ere bazeuden, eta baita pankarta bat ere: "Euskal Presoak eta Iheslariak etxera" zen pankartan agertzen zen mezua.
Parte-hartzaileak Durangoko alde zaharreraino joan dira; bertan, ehunka pertsona zeuden, eta bakoitzak ur tanta baten itxura zuen paper bat zuen (Tantaz Tanta ekimenaren ikurra). Udaletxeko plazan zeudela, entsegu batzuk egin dituzte eta azkenean irudikatu dute olatu handi bat. Olatu horrek, era sinbolikoan, kartzela baten horma irudikatzen zuen kartoi bat apurtu du.
Tantaz Tanta, bere buruaren inguruan esaten duenez, ekimen sozial bat da, “hainbat sektoretako pertsonek osatutako iniziatiba bat”, zeregin bakarra duena: “giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso handi bat bultzatu eta antolatzea urtarrilaren 11an Bilbon”.