Politika -
Durangon
Aurrekontuetatik murriztutakoa AHTra bideratu dela salatu du EH Bilduk
Koalizioaren arabera, EAJren Jaurlaritzak enpleguan, hezkuntzan, osasunean eta diru-sarrerak bermatzeko errentan 370 milioi euro murriztuko ditu guztira eta AHT egiteko, ordea, 366 bideratu.
Erredakzioa
EH Bilduk gaur, larunbata, Durangon salatu duenez, EAJk enpleguan, hezkuntzan, osasunean eta diru-sarrerak bermatzeko errentan 370 milioi euro murriztuko dituzte guztira, eta AHT egiteko, ordea, 366 bideratu.
Beitialarrangoitiak Laura Mintegi, Rebeka Ubera eta Julen Arzuagarekin batera egin du agerraldia, Mañaria, Atxondo, Mallabia eta Zaldibarko alkateak ere bertan zirela, herri horietatik ere pasatuko baita AHT.
Guztiak Abiadura Handiko Trena egiteko lanen parean agertu dira, azpiegitura hori egiteko "zarrastelkeria" salatzen zuen pankarta baten atzean. Beitilarrangoitiaren arabera, AHT egiteko Eusko Jaurlaritzak bideratuko duen diru-partida 366 milioi eurokoa da, "inbertsioak egiteko bideratutakoaren % 60".
EAJk, ordea, enpleguan, hezkuntzan, osasunean eta diru-sarrerak bermatzeko errentan 370 milioi euro murriztuko ditu, EH Bilduren arabera.
Beitialarrangoitiak nabarmendu duenez, proiektu honek duen "abiadura handi bakarra baliabide publikoen gastuetan dago, errentagarritasun soziala ezdeusa baita. Horrez gain, ezin dugu ahaztu ziurtasunik gabeko etorkizun duela azpiegitura horrek, inbertitzeko baliabide guztiak horretara bideratzen direlako eta hasierako 4.100 milioiko aurrekontua zeharo gainditu delako. Izan ere, dagoeneko 4.600 milioi xahutu dituzte, eta oraindik beste erdia falta da egiteko".