Politika -
Eusko Legebiltzarra
Alderdi guztiak izango dira autogobernua jorratzeko lantaldean
Estatus politiko berri bat adosteko lantaldea martxan jarri nahi du EAJk. EH Bilduk subiranotasuna defendatu du eta PSEk ''ezberdinen arteko ituna''. Egungo esparruaren alde egingo dute PPk eta UPyDk.
Erredakzioa
Estatus politiko berri bat adosteko EAJk Legebiltzarrean martxan jarri nahi duen lantaldean izango direla baieztatu dute bertako talde parlamentario guztiek. Jeltzaleen helburua Gernikako estatutuaren erreformari ekitea da, EAJren hitzetan ''orain ematen baitira horretarako baldintzak eta beharrezko adostasuna''.
Hala azaldu du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ostegun honetan, Legebiltzarreko talde ezberdinekin bilera-sorta bukatu ondoren. Hitzordu horien helburua, Euskadirentzako estatus politiko berrirako ''abiapuntua eta jarraitu beharreko ibilbidea'' ezartzea da. "Estatutua erreformatzeko garaia heldu dela uste dugu'', esan du. ''Etorkizunerako ereduak eta estatu juridiko-politiko berria proposatzeko gai izan gaitezen unea iritsi da'', gaineratu du.
Hilabete honetan bertan Legebiltzarrean autogobernuaren inguruko lantaldean abian jarri nahi du EAJk. Jeltzaleen helburua galdeketa izango da; EH Bildurena, berriz, subiranotasuna; eta egungo esparruaren alde egingo dute PPk eta UPyDk.
2016rako galdeketa defendatuko du EAJk
Jeltzaleen asmoa Euskadirentzako marko juridiko-politiko berri bat diseinatzea da, legegintzaldia bukatu aurretik ''fruituak'' eman ditzan. Hala, 2016ko udazkena baino lehen herri galdeketa egiteko aukera izatea da asmoa.
Jeltzaleen ustez, Gernikako Estatutua txiki geratu den jantzia da, eta, ondorioz, hori erreformatzea dute helburu, ahalik eta adostasun handienarekin berri bat egiteko.
EH Bilduren helburua, ''erabateko subiranotasuna''
Ostegun honetan EAJrekin egindako bileraren ondoren, EH Bilduk berretsi du Estatutuaren zikloa agortuta dagoela.
Hasier Arraizen ustez, jeltzalek ''abiapuntu egokia'' dute ''euskal bidea'' egiten hasi ahal izateko, baina koalizioaren azken helburua ''erabateko subiranotasuna'' dela azpimarratu du.
Edonola ere, horretarako ''elkarrizketa eta denen arteko akordioa'' beharrezkoak direla onartu du Arraizek, eta, horren ildoan, PP eta PSE lantalde horretan parte hartzea ''garrantzitsua'' dela esan du.
''Ezberdinen arteko ituna'' defendatu du PSE-EEk
Joan den asteartean batzartu ziren sozialistak jeltzaleekin, eta, ponentzia horren helburu zehatzak zehazteko zain egon arren, bertan parte hartzeko asmoa agertu zuen PSE-EEk. Izan ere, sozialistek azpimarratu dutenez, ''ezberdine arteko ituna'' beharrezko da.
PP, Gernikako Estatutuaren defentsan
PPk gaur egin du jeltzaleekin bilera, eta, lantaldean egongo dela baieztatu du, Estatutuaren ''potentzialtasuna'' defendatzeko. Popularren ustez, ''erreminta baliagarria'' da Estatutua.
UPyDk ''EAJk planteatzen duenaren kontrakoa'' defendatuko du
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak ere lantalde horretan egotea asmoa iragarri du, ''EAJk planteatzen duenaren kontrakoa'' defendatzeko. Izan ere, Maneirok susmoa dauka jeltzaleek Ibarretxe Plan berria aurkezteko asmoa dutela.