Politika -
Cabacas auzia
Aldekoaren izendapenaren aurka sinatu dute Iñigo Cabacasen familiakoek
2012ko apirilean gomazko pilota baten talka jasota hil zen gaztearen lagunek eta familiakoek Ertzaintzaren nagusi berriaren izendapena bertan behera uztearen alde sinatu dute.
Erredakzioa
Iñigo Cabacasen senideek eta lagunek, bere gurasoek tartean, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren nagusi berriaren izendapena bertan behera uztea eskatzen duen idazki bat sinatu dute. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailari, halaber, gaztearen heriotza eragin zuen operazioaren arduradunak baztertzea ere eskatu dute.
Cabacasen ingurukoek martxan jarritako plataformako kide batek aurkeztu du idatzia, ostegun honetan, Bilbon. Bertan azaldu duenez, sinatzaileek ''ez dute onartuko'' gaztearen heriotza zigorgabe geratzea, ezta ''erantzuleak saritzea'' ere.
Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen egunean Jorge Aldekoa zen Bilboko Ertzaintzaren polizia-etxeko arduraduna. Gomazko pilotak eragindako kolpearen ondorioz hil zen gaztea, 2012ko apirilean, eta lau agente daude operazio horretan gertatutakoagatik inputatuta (hiru kargatzeagatik eta laugarrena agindua emateagatik).
Sinadura bilketa ostegun honetan bertan hasi da, eta abenduaren bukaeran itxiko dute. 10.000 sinadura inguruko lortzea aurreikusi dute, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailera aurkeztuko dizkiote.