Politika -
Torturak frankismoan
Espainiatik ateratzea debekatu diete 'Billy El Niño'ri eta Muñecasi
Joan den ostiralean, Billy el Niño eta Muñecas entregatzeko baimena eman zuen Gobernuak.
Erredakzioa
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiatik ateratzea debekatu die Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño polizia ohiari eta Jesus Muñecas Aguilar Guardia Zibilaren kapitain ohiari.
Espainiako Justizia Maria Servini epaile argentinarraren estradizio eskaria izapidetzen ari da, frankismoaren azken urteetan egindako krimenen ikerketa baten baitan. Izapidea bukatu arte, Ruz epaileak aske utzi ditu, baina pasaportea kendu die, eta uneoro aurkitzeko moduan egoteko eta astero epaitegira joateko agindu die.
Servini epaileak Billy El Niño eta Muñecas kapitaina atxilotzea agindu zuen irailaren 18an, horien aurka jasotako kereila bat onartu eta gero.
Gaur, Ruz epaileak estradizioa onartzen duten galdetu die, eta, ezetz erantzun dutenez, orain Zigor Aretoak erabaki behar du Argentinara bidaltzea onartu edo ez. Aretoak oniritzia ematen badu, Ministroen Kontseiluak betoa jarri ahalko du.
Dena dela, joan den ostiralean, Ministroen Kontseiluak estradizioari bide ematea erabaki zuen.
Biktimak, kalean
Billy El Niño eta Muñecas goizeko lehen orduan iritsi dira Auzitegi Nazionalera. Bertan, dozenaka pertsona zain zeuden, eta hainbat aldarri oihukatu dizkiete, hala nola "Estradizioa torturatzaileentzat", "Ahanzturarik eta barkamenik ez; egia, justizia eta kalte-ordainak" eta "Torturatzaileak epaitu".
Espainiako Poliziak 50 metrora urrundu ditu manifestariak, eta horrek tentsio uneak sortu ditu.
Manifestarietako batek, adibidez, "hau diktadura bat da" salatu du, eta poliziei Billy El Niñoren eta Muñecasen lankideak izatea egotzi die.
Juan Antonio Gonzalez Pachecok, Billy el Niñok, ustez 13 pertsona torturatu zituen 1971tik 1975era.
Muñecas Aguilarrek, berriz, ustez Andoni Arrizabalaga torturatu zuen, Guardia Zibilaren kuartelean, Zarautzen (Gipuzkoa).