Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Servini: 'Auzi hau gainerako beste guztiak bezala ikertu behar dut'
Frankismoaren krimenen inguruko kereila ikertzen ari den Argentinako epaileak presiorik jasan ez duela esan du.
Erredakzioa
Maria Servini frankismoaren krimenen inguruko kereila ikertzen ari den Argentinako epaileak adierazi du ikerketari eusteko ahal duen guztia egingo duela eta legea beteko duela. ''Auzi hau gainerako beste guztiak bezala ikertu behar dut. Ezin dut bereizketarik egin'', esan du epaileak Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan.
Gaur bertan hasi dira epaile aurrean deklaratzen Buenos Airesen (Argentina) frankismoaren hainbat biktima. Servinik Radio Euskadin azaldu duenez, deklarazio luzeak izan dira, eta aste honetan 14 egingo dituzte guztira.
Zazpi hilabeteko atzerapenarekin ekin diote testigantza horiek biltzeari, bideokonferentziak maiatzera aurreikusita bazeuden ere, Atzerri Ministerioak eskatuta bertan behera geratu baitziren azken orduan.
Serviniren hitzetan, oso positiboa izan da Espainiako Gobernuak izan duen jarrera aldaketa, Argentinak egindako estradizio eskaera onartu baitu Gobernuak. Juan Antonio Gonzalez Pacheco ('Billy el Niño') inspektore ohiaren eta Jesús Muñecas Aguilar Guardia Zibil ohiaren estradizioa eskatu du Servinik.
Estradizio eskaera azaroaren 18an egin zuen Argentinako Justiziak. Juan Antonio Gonzalez Pacheco, Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal eta Jose Ignacio Jiralte Gonzalez estraditatzea eskatu zuen. Azken bien estradizioa bertan behera utzi zituen Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak; izan ere, hilik daude.
Pablo Ruz epaileak ostegun honetarako deitu ditu Juan Antonio Gonzalez Pacheco, 'Billy el Niño', inspektore ohia eta Jesus Muñecas Aguilar guardia zibil ohia, Argentinak egindako estradizio eskaera onartzen duten galdetzeko.
Servinik ez du aurreratu nahi izan estradiziorik ez badago zein jarrera hartuko duen. Halaber, ez du adierazi nahi izan frankismoaren garaiko ministro ohiren bat inputatzea aztertzen ari den. Edonola ere, epailearen hitzetan, ez du presiorik jaso.