Politika -

Kale indarkeria

PPren egoitzaren kontrako erasoa 'erabat arbuiatu' du EH Bilduk

Presoen eskubideen alde borrokatu nahi dutenei "bide baketsuak" erabiltzeko eskatu die Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak.

Joseba Permach, artxibozko argazki batean. EFE
Joseba Permach
Joseba Permach, artxibozko argazki batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagi eta EH Bilduko kideak jarrera irmoa agertu du gaur Barakaldon Alderdi Popularrak duen egoitzaren kontra egindako erasoaren aurrean. Hala, bere "erabateko desadostasuna eta arbuioa" agertu du bart gaueko erasoaren aurrean, eta presoen eskubideen alde borrokatu nahi dutenei "bide baketsuak" erabiltzeko eskatu die.

Ezkerraldeko herrian bart gertatutakoaren inguruan galdetu diote Permachi, EH Bilduk Fagor Etxetresnaken aferaz hitz egiteko deitutako prentsaurrekoan. Bertan adierazi duenez, EH Bilduk "argi utzi nahi du" ekintza hauek ez dutela alderdiak bultzatzen dituen "ildo eta ekimenekin bat egiten".

Permachen hitzetan, "Estatuko sektore batzuk atzeranzko prozesua bultzatzen ari dira Euskal Herrian. Galdera honakoa da: Nori egiten diote mesede tankera honetako ekintzek? Euskal Herriarentzat konponbide baketsua lortu nahi dutenei ez behintzat", esan du.

Horren harian, "euskal preso politikoen giza eskubideen alde lan egin nahi duten lagunei bide baketsu eta demokratikoak bultzatzeko" eskatu die buruzagi abertzaleak.

Mintegi: "Ez dago defenda daitekeen indarkeriarik"

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak ere erasoaz hitz egin du Legebiltzarrean kazetarien aurrean. Mintegirin arabera, "ezein indarkeria, ez politikoa ez ekonomikoa, ezin da defendatu, eta denak dira kezkagarriak".

Ezker abertzaleari kale indarkeriaren aurrean "gaitzespena" adierazteko egin dizkioten eskarien aurrean, erantzun hau eman du Mintegik: "Indarkeria oro demokraziatik baztertu behar dira, modu osasuntsuan".

Mintegiren hitzetan, demokrazia "bidezkoagoa eta sakonagoa" izan dadin lanean ari da EH Bildu. Legebiltzarrean kale indarkeriaren harira izango den eztabaidan izango duten jarreraz galdetuta, berriz, taldeek aurkeztuko dituzten testuak sakon aztertu behar dituztela ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea