Politika -
Kale indarkeria
PSE: 'Oraindik ere Sortuk iraganeko tik asko ditu'
Sortuko buruzagiei ahalegin "berezia" egiteko eskatu die Idoia Mendiak, ezker abertzaleko militanteei politika "hitza erabiliz" soilik egin daitekeela adierazteko.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramailearen hitzetan, aste honetan izandako kale indarkeriak "argi uzten du" ezker abertzaleak "iraganeko tik gehiegi" dituela oraindik, eta "iraganarekin apurtzeko" ahalegin nahikoa ez duela egin.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Sortuko buruzagiei ahalegin "berezia" egiteko eskatu die, ezker abertzaleko militanteei politika "hitza erabiliz" soilik egin daitekeela adierazteko.
"Militanteei zuzendu beharreko lan guztia ez dira egiten ari. Sorturen estatutuetan argi eta garbi erakusten da bide demokratiko eta politikoak erabiltzeko konpromisoa, eta konpromiso hori militanteen aurrean praktikan jarri behar duten euri mehea izan behar da", esan du Mendiak.
Bestalde, EH Bilduk "zoru etikoa" onartu eta "iraganarekin apurtu" arte, PSE-EEk ez du Legebiltzarreko Bake Ponentzian parte hartuko. "Itxaroteko prest gaude, baina ez atzerapausoak emateko", adierazi du.
PSE-EEko bozeramailearen ustez, "positiboa" eta "bizigarria" litzateke espetxetik atera diren ETAko presoen biktimenganako "keinuren bat" egitea edota egindako kaltea onartzea. "Euskadin elkarbizitza bultzatzeko ekarpen positiboa litzateke", gaineratu du.