Politika -
Kale erasoa
Barakaldoko Udalak PPren egoitzaren kontrako erasoa gaitzetsi du
Udaleko talde guztiek, EH Bilduk izan ezik, adierazpen bat adostu dute, erasoa salatzeko. Ezker abertzaleko zinegotziek ez dute bilkuran parte hartu.
Erredakzioa
Molotov koktelak jaurti dituzte gaur goizaldean Euskadiko PPk Barakaldon (Bizkaia) duen egoitzaren aurka. Erasoa 04:30ean jazo da, Foruen Plazan. Ordu horretan, bizilagun batek Segurtasun Sailera deitu du, erasoaren berri emateko. Ertzaintzaren patruilak bertaratu direnerako, koktelek eragindako sutea itzalita zegoen; beraz, suhiltzaileek ez dute esku hartu.
Segurtasun Sailaren arabera, kalteak oso txikiak izan dira, baina eraikinaren aurrealdea eta espaloia belztuta geratu dira. Lurreko arrastoak aztertu ondoren, Ertzaintzak jakinarazi du bi molotov koktel jaurti dituztela. Azken hiru egunetako bosgarren 'kale borroka' ekintza izango litzateke gaurkoa.
Udalaren gaitzespenaBarakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak PPren egoitzaren kontrako erasoa gaitzetsi du, ez ohiko bilkura batean. PSE, EAJ, PP eta IU-Ezker Anitzak adierazpen bat adostu dute, gertakaria salatzeko. EH Bilduko zinegotziak ez dira bilkurara joan.
Alfonso Garcia alkate sozialistak irakurri du adierazpena, bilkuraren amaieran. Barakaldoko Udalak "ekintza terrorista hau gogor gaitzesten" duela jasotzen da bertan, eta erasoa gertatu den lekuko bizilagunei babesa adierazteaz gain, laguntza eskatzen zaie gertatu dena argitzeko. Azken egunotan hainbat herritan gertatu diren erasoak elkarbizitzarako ahaleginean atzerapausotzat jotzen dira testuan.