Politika -
Guardia Zibilaren txostena
Iribas: 'D ereduko familiek lasai egon behar dute'
Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren hitzetan, Gobernuak eskola publikoaren 'kalitatea bermatzen du' eta hura 'galbidean' ipintzen duten "pertsona jakinen" aurka egingo du.
Erredakzioa
Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren esanetan, eskola publikoko D eredua aukeratu duten familiek "lasai egon behar dute", Gobernuak "eskolaren kalitatea eta irakasleen lan ona" bermatzen duelako.
"Foru Gobernuak eta Kontseilaritza honek eskola galbidean ipini nahi duten jarrera eta pertsona jakinak atzemateko eta zigortzeko baliabideak dituzte. Beraz, lasai egon daitezke", agertu du Iribasek Guardia Zibilaren txostenaren harira galdetu diotenean.
Kontseilariaren esanetan, Gobernuak "ikasleen eskubideak bermatzeko sistema oso bat du". Aitortu duenez, txostena ezagutzen zuen, orijinala eskuartean ez duen arren, baina haren berri komunikabideen bitartez izan zuen.
'Familia askoren haserrea'
Txostenaren ondorioez itaunduta, berriz, "Guardia Zibilaren adituek egindako txostena" baloratuko ez duela azpimarratu du Iribasek: "ETAko terrorismoaren eta segurtasun alorraren gaietan ez dut iritzirik ematen; ni hezkuntza alorrekoen inguruan mintzatzen naiz bakarrik", agertu du.
Dena dela, txostenak "familia eta irakasle askoren haserrea pizten du, irakasle batzuek hezkuntza erabili edo galbidera eraman nahi dutelako".